Gurutz Linazasoro neurologoaren hitzaldi arrakastatsua

Gurutz Linazasoro neurologoaren hitzaldi arrakastatsua
2017/01/13 eta kitto!
Gurutz Linazasoro, Poliklinika Gipuzkoako neurologoak atzo arratsaldean Portalean eman zuen hitzaldiak areto nagusia betetzea lortu zuen. Poliklinika Gipuzkoako Parkinson Ikerkuntza Zentruko zuzendariak eskainitako saioan, besteak beste, Alzheimerra saihesten laguntzeko burmuina nola zaindu behar den azaldu zuen. Gaiari modu sakonagoan heldu aurretik, beste ezer baino lehen burmuina zer den eta nola funtzionatzen duen esplikatu zuen: "Buru barruan daukagun altxorra da burmuina, oso organu aldakorra da, estimuluen bitartez prozesatu egiten du eta aldagai guztietara moldatzen da. Gure burmuinaren konektibitateari zor diogu espezierik garatuena izatea. Are gehiago, 'konektatu egiten dut, beraz banaiz' esan genezake. Segunduoro gure burmuinean milioi bat konexio berri sortzen dira. Horregatik, hitzalditik irtetzean, zuen burmuinak ez dira izango sartu zaretenean ekarri dituzuen berberak".
Neurologoak argi laga nahi izan zuen gehienok kontrakoa uste dugun arren, "burmuinak ez duela inoiz galtzen ikasteko ahalmena. Plastizitateari esker, horrek egoeretara moldatzeko gaitasuna ematen digulako eta baita burmuinak neurona berriak sortzeko duen ahalmenari, neurogenesiari esker".
Bere berbetan, "burmuina zaintzea gure esku dago. Bizimodu osasungarria da burmuin osasuntsua izateko errezetarik onena. Hauek dira gakoak: gizarte aktibitatea izatea, estresa murriztea, ariketa fisikoa egitea, dieta mediterraneoa jarraitzea, diabetesa moduko gaixotasunak zaintzea eta gomendatutako 7 orduak lo egitea, loa ezinbestekoa delako gure burmuina hoztu, berrabiarazi eta oroitzapenak egonkortzeko. Gainera, burmuina estimulatzeko jakinmina edukitzea, optimista izatea eta txokolatea jatea gure burmuinaren osasunari eragiten dioten faktoreak dira".
Nazioarteko erakundeek emandako datuen arabera, 70 segunduoro Alzheimer kasuren bat diagnostikatzen dute Europa/Estatu Batuetan. Datu horiek Gipuzkoara ekarriz gero, hiru orduoro kasu berriren bat antzematen da. Gipuzkoan 15.000 bat lagunek daukate Alzheimerra.​