Guztiontzat mundu ulergarriagoa helburu duen kanpaina aurkeztu du Atzegik

Guztiontzat mundu ulergarriagoa helburu duen kanpaina aurkeztu du Atzegik
2019/10/08 13:19
eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute Atzegiren aurtengo kanpaina Eibarko Txolartean. Aurtengo kanpainak irisgarritasun kognitiboaren gaia tratatzen du eta, azaldu dutenez, 'Bizi nire errealitate intelektuala eta mugak hautsi' goiburuarekin Atzegik "adimen desgaitasunaren betaurrekoak" jartzera animatu nahi du gizartea, “eguneroko bizitza beste ikuspuntu batetik ikusteko  eta, horrela, pertsona hauek errealitatea ulertzerako orduan dauzkaten zailtasunak sentitu eta nabaritzeko aukera izateko”. 

Aurkezpen ekitaldian esan dutenez, “eguneroko bizitzan hainbat egoeratan, pertsona askok, eta are gehiago adimen desgaitasuna dutenek, arazoak izan ditzazkete mezu batzuk ulertzeko: jatetxeetako kartak, egutegiak, garraio publikoko ordutegiak, ulertzeko zailak diren irudiak, informazio liburuxkak, hauteskundeetako programak eta abar luze bat. Kanpaina honekin, gizartea zailtasun horietaz konturatzea eta mezu sinpleak erabiltzea nahi du Atzegik, ulertzekoa erreza den ingurune bat sortzeko. Horrelakoek pertsonen autonomia eta independentzia handitzen laguntzen dute eta, horrela, euren bizitza kalitatea hobetzen da”. 



Keinu txikien garrantzia

Gaineratu dutenez, kanpainarekin jendea irisgarritasun kognitiboaren inguruan pentsatzera animatu nahi dute, “bakoitzak, bizi den tokian edo lan egiten duen inguruan informazioa irisgarriagoa izateko keinu txikiak egin ditzan”. Gainera, keinu horiek adimen desgaitasuna dutenentzat ez ezik, denentzat mesedegarriak direla azpimarratu dute: “Nori ez zaio gertatu eraikin publiko batera joan eta galduta ibiltzea? Edo autobusa hartzera joan eta ordutegia ez ulertzea? Gauza guztiak irisgarriagoak izatea denok eskertuko dugu”.

Kartelak, bideoa eta internet

Kanpaina ezagutzera emateko, “familien laguntzarekin 8.000 kartel ipini ditugu Gipuzkoa osoan zehar. Horrez gain, kanpainaren helburuak adibide garbi batzuen bidez azaltzeko eta aholku moduko batzuk emateko liburuxka batzuk diseinatu dira, toki ezberdinetan banatzeko”.  Eta, urteroko moduan, kanpainaren harira bideoa egin dute, “adimen desgaitasuna daukan pertsona batek eguneroko bizitzan mezu batzuk ulertzeko izan ditzazken arazoak erakusteko”. Amaitzeko, Atzegi.eus/realidadintelectual mikrosite-a ipini dute martxan, “kanpainako informazioa modu errazagoan zabaltzeko eta horri buruzko albisteak ezagutzera emateko”. 

https://youtu.be/x3XWhCP0Ejo