Hasi da Euskaraldia ariketa soziala

Hasi da Euskaraldia ariketa soziala
2018/11/23 eta kitto!
Gaur, azaroak 23, hasi da Euskaraldia: 11 egun euskaraz ariketa soziala. Euskal Herri osoan aldi berean egingo den ariketaren helburua hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea da. Izena eman duten lagunek 11 egunetan ahobizi edo belarriprest rola beteko dute. Ahobiziek euskara ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egingo diete 11 egunetan eta ezezagunei lehen hitza euskaraz egin (ulertzen baldin badute, euskaraz jarraituko dute). Belarriprest rola hartu dutenek, berriz, euskaraz hitz egiteko gai diren mintzakide guztiei euskaraz hitz egiteko gonbitea egingo diete. Ariketa sozial handia izango dela azpimarratu zuten antolatzaileek atzo arratsaldean Baionan egin zen irekiera ekitaldian. Euskal Herriko 405 herritan eta ehunka entitatetan egon da izena emateko aukera, batzordeetan aritu diren milaka boluntarioei esker.

Guztira 196.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian, parte hartze zabala izango da, beraz. Partaide horietatik %74ek eman dute ahobizi modura jarduteko izena eta %26 arituko da belarriprest rolean. Atzo eguerdiko datuen arabera, Eibarren 2.018 ahobizi, 728 belarriprest eta 344 bihotzgoxo izango dira ariketa honetan parte hartzen. Hala ere, kopuruak gora egitea espero da, abenduaren 3ra arte izena emateko aukera izango da eta. Lurraldez lurralde, hauek dira partaidetza datuak: Araban 17.500; Bizkaian 68.500; Gipuzkoan 84.000; Ipar Euskal Herrian 5.500; eta Nafarroan 20.500. Partaideen ezaugarriei dagokienez, izena eman dutenen %63a emakumezkoa izan dela azpimarratu dute, eta, bereziki nabarmendu dute gazteen artean harrera oso ona izan duela ekimenak. Gaur hasi den ariketaren oinarria ahobizi eta belarriprest rola hautatu duten partaideek beraien eguneroko bizitzan harremanetan inertziak apurtu eta hizkuntza-ohiturak euskararantz ekartzea da. Horregatik, partaide guztiei ariketari ilusioz eta sendo heltzeko deia egin nahi diete antolatzaileek.

EUSKARALDIA EIBARREN BIDEOA:

https://youtu.be/GDkPI-pX4_c