Astearte honetan hasiko dute selektibitatea Euskadiko 12.000 ikaslek baino gehiagok

Astearte honetan hasiko dute selektibitatea Euskadiko 12.000 ikaslek baino gehiagok
2021/06/07 eta kitto!
Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko 11.947 ikaslek hasiko dute astearte honetan, ekainak 8, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa. Batxilergoko ikasle horiei Goi Mailako Heziketa Zikloa (Lanbide Heziketa) osatu duten 835 ikasle gehitu behar zaizkie, 12.782 guztira.

EHUren arabera, kopurua iazkoa baino zertxobait handiagoa da, orduan 12.594 matrikulatu baitziren, hau da, % 1,49 gehiago.

Batxilergotik datozen ikasleak hiru probintziatan banatuko dira selektibitate-proba  egiteko: 1.613 Araban, 5.956 Bizkaian eta 4.346 Gipuzkoan. Lanbide Heziketatik zatozenak ere, banaketa bera egingo dute: 118 Araban, 429 Bizkaian eta 272 Gipuzkoan.

Hizkuntzari dagokionez, Batxilergoko ikasleen % 75ek (8.925 ikasle) euskaraz egingo du proba, eta % 25ek (2.990) gaztelaniaz; LHko ikasleen % 55ek euskaraz egingo du proba, eta % 45ek gaztelaniaz.

Sexuari erreparatuta,selektibitatera aurkezten diren Batxilergoko ikasleen % 57 emakumeak dira eta % 43 gizonak. LHko ikasleen kasuan, emakumeen ehunekoa % 69koa da eta gizonena % 31koa. 12.782 pertsona horiei, gainera, nota igotzeko ikasgai espezifikoetara aurkezten diren aurreko ikasturteetako 626 ikasle gehitu behar zaizkie.

BORJA GUERRERO BORJA GUERRERO

Egoitza-kopurua handitu

Selektibitatea hiru egunez garatuko da, ohi bezala, ekainaren 8tik 10era. Egoitza-kopuruari dagokionez, Covid-19ren pandemiaren egungo egoera ikusita, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak azterketak egiteko egoitza-kopurua ohi baino handiagoa mantentzea erabaki dute, osasun-baldintza onenak ezartzeko.

Hori horrela, aurtengo edizioan, EHUk hiru campusetan dituen ohiko egoitzei BEC Bizkaian, FICOBA Gipuzkoan eta Iradier Arena Araban batuko zaizkie. Guztira 38 epaimahai jarriko dira. Era berean, iazko esperientzia positiboa kontuan hartuta, ordutegia birdiseinatu da higiene-, segurtasun- eta antolaketa-neurriak betetzen direla bermatzeko, eta ikasleen itxaronaldiak eta atsedenaldiak optimizatzeko.

Azterketak berregituratu

Bestalde, eta Covid-19ren pandemiak ekarri dituen "ezohiko baldintzak" ikusita, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Hezkuntza Sailak 2020an ezarri zen EAUko ikasgaien azterketen berregituraketari eustea adostu dute.

Berregituraketa, funtsean, azterketa bakoitzaren hautazkotasuna handitzean datza, eta aukera ematen du, modu ordenatuan eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera, azterketa bakoitzaren A eta B aukeretako gaiak nahasteko. Ebaluazio- eta zuzenketa-ereduak, -orientazioak eta -irizpideak ikasturtearen hasieran ezarri ziren, eta proba egiteko ohikoak dira.

Segurtasun neurriak mantendu

EHUk azaldu duenez, higiene, segurtasun eta antolaketa neurriak biltzen dituen protokolo bat ezarri dute, eta probetan parte hartzen duten pertsona guztiek errespetatu beharko dute. Horrela, parte-hartzaileek azterketa egiteko behar duten idazmahaiko materiala eraman beharko dute (boligrafoak, erregelak eta kalkulagailua), eta ezarritako gutxieneko segurtasun-distantzia mantendu beharko dute uneoro.Maskara modu iraunkorrean erabiltzea ere nahitaezkoa izango da, eta ikasgelara sartu aurretik, pertsona guztiek eskuak garbitu beharko dituzte urarekin eta xaboiarekin, edo gelen banagailuetan edo geletarako sarbideetan jarritako soluzio hidroalkoholikoetan. Dagokion epaimahaiko lehendakariak edo idazkariak emandako jarraibideak bete beharko dira beti.