Bihar goizean hezkuntzaren aldeko aldarrikapena egingo dute Untzagan

Bihar goizean hezkuntzaren aldeko aldarrikapena egingo dute Untzagan
2016/04/27 eta kitto!
Bihar (apirilak 28), Hezkuntzaren aldeko Munduko Ekintza Asteko ekitaldi nagusia egingo dute Untzaga plazan,  11.30ean hasita. Bertan Aldatze ikastetxeko eta Garaguneko ikasle eta irakasleak  eta antolaketa lanetan ibili diren GKE-ak egongo dira. Ekitaldia jokoekin eta "Hezkuntza azoka"ko jolas-dinamikekin hasiko da. Ondoren manifestua irakurriko dute eta, amaitzeko, Gatibu taldearen Euritan Dantzan kantaren flashmob-a egingo da. Horretarako Andoaingo Zine eta Bideo Eskolaren laguntza izango dute.

Aste honetako ekitaldien bidez, arreta berezia eskaini nahi zaio hezkuntzak munduko pertsona guztientzako babesle gisa duen zereginari eta estatuek eskubide hori finantzatzera behar beste baliabide bideratzeko beharrari.






2001etik, Hezkuntzaren aldeko Munduko Kanpainak Hezkuntzaren aldeko Munduko Ekintza Astea (HAMEA) antolatzen du. Astebetez, normalean apirilean, hezkuntzarako eskubidearen alde lan egiten duten 124 herrialde baino gehiago mobilizatu egiten dira, hezkuntza-komunitatearen, komunikabideen, gizarte osoaren eta, batez ere, ordezkari politikoen arreta lortzeko. Horren helburua da kontura daitezela beharrezkoa dela kalitatezko hezkuntza izateko eskubidea benetan eta eraginkorki gauzatzea mundu osoan.