Datorren ikasturtean ezarriko dituen berrikuntzak aurkeztuko ditu Armeria Eskolak bihar, Ate Irekien saioan

Datorren ikasturtean ezarriko dituen berrikuntzak aurkeztuko ditu Armeria Eskolak bihar, Ate Irekien saioan
2023/04/24 eta kitto!
Berrikuntza handiekin hasiko du Armeria Eskolak 2023-2024 ikasturtea eta horiek ezagutzeko aukera egongo da bihar, 17:30ean ikastetxean bertan egingo duten Ate Irekien saioan. Gainera, bertaratzen direnen artean bi sarrera zozketatuko dira Eibar foball taldearen partidu bat Ipuruan gozatzeko.

Armeria Eskolatik adierazi dutenez, “egonkortuta duen hasierako formakuntza eskaintzan Mantentze-lan elektromekanikoa D ereduko ziklo berria gehitu du. Erdi-mailako ziklo honek inguruko makina-erreminta industriak dituen beharrei erantzuten die, izan ere formakuntza honek makinak muntatzen eta mantentzen ikasteko aukera ematen du. Honela, ziklo berriarekin industria sektoreko hiru familia profesionalak (elektrizitate-elektronika, fabrikazio mekanikoa eta instalatze- eta mantentze-lanak) indartu egiten dira gure ikastetxean, familia bakoitzak erdi mailako ziklo bana izango baitu ibilbide osoa eskainiz”.

Gainera, mantentze-lan arloan, 1. edizio arrakastatsuaren ostean, ‘Industria-mantentzearen digitalizazioa’ espezializazio kurtsoaren 2. edizioa abiatuko da datorren urtean, industria-inguruneetan mantentze-lanak digitalizatzeko proiektuak ezartzen eta kudeatzen dituzten teknikari espezialistak prestatzeko.

Armeria Eskolak eskaintzen dituen formakuntza aukera guztiak erronken bidezko metodologia kolaboratiboan oinarritzen direla ere gaineratu dute: “Horrek espazioak ere berritu eta egokitzea eskatzen du. Robotika, elektronika eta mekatronika guneak eraldatu ondoren, fabrikazio mekanikoko tailer berria estreinatuko dute ikasleek 2023ko irailean. Administrazioko langile eta irakasleentzat ere espazio berria eraikitzen ari gara gure instalazioak eguneratuz.

Arlo pedagogikoan ere, berritasunak aurreikusten dira eta irakaskuntza eleaniztuna txertatzeko eskaera egin diogu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari Fabrikazio Mekanikoko Diseinu eta Produkzioaren Programazioa zikloetarako. Ikasgaiak ingelesez ikasteko aukera jada martxan dago Automatizazio eta Robotika Industriala eta Mekatronika Industrialeko zikloetan”.

Lanbide-heziketako proiektu integrala eskaintzen duen ikastetxea dela nabarmendu nahi dute: “Gizarte globalaren egungo beharrei erantzuten diena eta internazionalizazioa funtsezkotzat hartzen du. Erasmus+ eta Irasuegi programei esker, hainbat proiektuetan murgilduta dago. Nabarmentzekoa da EMEU4CROSSOVERS nazioarteko proiektua. Industriarekin elkarlanean, hainbat lanbide-arloko irakasleak ikas-materialak prestatzen ari dira ikasleek hiru astez birtualki eta aurrez aurre landuko dituzten erronka ezberdinetarako, hala nola ‘Lorategi bertikal automatikoak’, ‘Eraikin adimenduak’ eta ‘Kontainer Etxea: Osasun eta Teknologia barne hartzen dituen laborategi bizia’. Datorren ikasturtean modulu guztien lehenengo esperientzia pilotua egingo da eta 2025 urtetik aurrera Danimarka, Finlandia eta Herbehereetako ikastetxeekin ikasle-trukeak ohiko ekintza izango dira Armeria Eskolan”.

Bestalde, aurrematrikula egiteko epea maiatzaren 8tik 26ra bitartean izango da, “eta izen-ematea derrigorrezkoa da hurrengo ikasturtean plaza bat ziurtatu nahi bada”.