Eibarko familien beharrak asetzeko haurreskola publiko plazak falta direla ohartarazi du EH Bilduk

Eibarko familien beharrak asetzeko haurreskola publiko plazak falta direla ohartarazi du EH Bilduk
2023/05/05 eta kitto!
Eibarko familien beharrak asetzeko haurreskola plaza nahikorik ez dago, Arantza Mata Eibarko EH Bilduren alkategaiak eta Gorka Errasti bozeramaileak gaur goizean emandako prentsaurrekoan ohartarazi dutenez. PSEren udal gobernuari “premiaz eraikin berri bat Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko” dei egin diote eta eraikin egokiena adosteko prest azaldu dira, gainera. Esan dutenez, “orain dago haurreskoletako matrikulazio epea zabalik, baina Eibarren errealitatea gordina izan daiteke familia askorentzat. Iazko matrikulazioan, Eibarren eskaintzen diren 109 plazak, urtarrilerako guztiz bete ziren eta, nahiz eta matrikula bizirik egon ikasturte bukaera arte, familia askok ezin izan zituzten beraien seme alabak matrikulatu Eibarren dagoen plaza publiko faltagatik”.

Gogoratu dutenez, aurten EH Bilduk Eusko Jaurlaritzan bultzatutako haurreskoletako matrikulen doakotasuna jarriko da indarrean, “ eta honek eskaeran gorakada nabarmena ekarriko du”. Eman dituzten datuen arabera, 2022tik gaurko eguna arte, 224 haur jaio dira Eibarren. Eta Orbea, Amaña eta Urkiko haurreskola publikoek 109 plaza eskaintzen dituzte 0-2 urteetako haur eta familien behar guztiak asetzeko. Guzti honi, matrikularen doakotasuna gehituta, EH Bildurentzat guztiz beharrezkoa da eraikin berri bat Jaurlaritzaren esku uztea.

Egoera honen aurrean, dagoen PNVren Jaurlaritza eta Hezkuntza Saila ezta PSEren udal gobernua nora begira dauden ez dutela ulertzen gaineratu dute. EH Bildurentzat “premiaz konpondu beharreko arazoa” da: “Haurreskola eraikin berri bat eskaini beharra dago eta, gainera, hezkuntzari lotutako gaien jarraipena egiteko Eibarko Udalean Hezkuntza Teknikari baten beharra dago”.