Ekainaren 1ean UEUfesta egingo da Markeskuan

Ekainaren 1ean UEUfesta egingo da Markeskuan
2022/05/24 eta kitto!
Udako Euskal Unibertsitateak 50 urte bete ditu aurten eta, data berezia ospatzeko, UEUfesta egingo dute ekainaren 1ean, 18:00etatik aurrera, Markeskua jauregian. “UEU betidanik izan da festazalea, eta 50. urteurren honetan ezin zuen hutsik egin ospakizun kutsuko jarduerarik”, diote UEUkoek.

UEUren izaera gertukoa eta herrikoia islatu nahi dute jai horren bitartez, eta elkartzeko, ospatzeko eta UEUko komunitatea omentzeko ekitaldia izatea nahi dute. Horretarako, Euskal Herrian zehar zenbait festa antolatu dituzte, tartean Eibarkoa.

Ane Sarasua UEUko Idazkari Nagusia eta Leire Narbaiza UEUko bazkideak izango dira Markeskuako ekintzaren aurkezleak. Bertan, Miren Atristain, Jone Amuategi, Arrate Hernandez eta Iraia Muñoa ikerlari gazteek hartuko dute parte; Felix Elortza eta Edu Apodaka ikertzaile beteranoak egongo dira; Mikel Kartonek musika jarriko du; zizka-mizka batzuk jateko aukera egongo da; eta sorpresaren bat egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.

UEUfestan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurretik izena ematea eta, horretarako, komunikazioa@ueu.eus helbidera idatzi behar da.