Gaur hasi dute kurtso berria herriko ikastetxe gehienetan

Gaur hasi dute kurtso berria herriko ikastetxe gehienetan
2021/09/09 eta kitto!
Herriko haur eta gazte gehienentzat lehen eskola eguna izan da gaurkoa eta goizeko lehen ordutik poza eta urduritasuna tartekatzen ibili dira txikienen artean batez ere.

Eibarren bezala, EAEko 366.697 ikaslek hasiko dute ikasturte berria datozen egunetan. Aurreko kurtsoarekin alderatuz gero, ez da gauza handirik aldatuko COVID-19tik babesteko neurriei begira. Aldaketa nagusia berrogeialdiari lotuta dator: txertatuta dauden ikasleek ez dute egin beharko berrogeialdirik, positibo eman duen batekin kontaktu estua izanda ere. Hezkuntza Sailak emandako datuen arabera, 12 urtetik gorako ikasleen %80 txertoa hartuta daude.


Ikastetxeetarako ezarri den protokoloaren berri eman zuten Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak orain dela egun batzuk eta, esandakoari jarraituz, iazko ikasturteko neurri nagusiei eutsiko zaie honetan ere: ikasleek maskara erabiltzen jarraitu beharko dute, metro eta erdiko distantzia gordeko dute... Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan “bizikidetza talde iraunkorrak” osatzeko aukera izango dute. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan, berriz, hiru edo lau ikasleko talde egonkorrak osa daitezke, elkarren artean 1,5 metroko distantzia zainduz. Gainera, barnetegiak antolatuko dituzte berriro ere.

Ikastetxe barruko jarduna ez ezik, eskolaz kanpokoak ere arautzen ditu protokoloak. Kasu honetan ere, besteak beste, ahal den neurrian, eskolako “bizikidetza talde iraunkorrei” eutsi beharko zaie: metro eta erdiko distantziara egon beharko dute, materiala partekatzeko aukera izango dute, baina talde batetik bestera materiala garbituta.