Heziketa ez da amaitzen

Heziketa ez da amaitzen
2012/05/18 eta kitto!

Uni Eibar-Ermua eta Armeria Eskolak urteetako esperientzia daukate heziketaren gainean. Denboraren eta handik irten diren ikasleen bermea daukate zentro biek, eta beste urte batez euren eskaintza berritzen dute sasoi berrietara egokituz.
Gaur bertan, zentro biek elkarrekin aurkeztu dute prestakuntza arautuaren barruan heziketa-zikloen gainean duten eskaintza. 2012/13 kurtsoari begira egindako aurkezpen honetan, biek ala biek duten berritasunen berri eman dute.
Uni Eibar-Ermuaren kasuan, adibidez, heziketa-zikloak sistema berrira egokitu dira, LOGSEtik LOEra pasatuz (Heziketa Fisikoaren zikloa da LOGSEren barruan mantentzen den bakarra. Hauetan izena emateko prematrikula maiatzaren 28tik ekainaren 8ra egingo da, eta matrikula-epea uztailaren 5etik 11ra egongo da zabalik.
Armeria Eskolak bere hezkuntza eskaintza handitu du lau hezkuntza-ziklo berrirekin: Automatizazioa eta Robotika Industriala, Elektronika Mantenimendua, Informatika eta Telekomunikazio Sistemak, eta Mekatronika Industriala. Uni Eibar-Ermuaren kasuan bezala, izena-emateko epea maiatzaren 28tik ekainaren 8ra izango da.

Langabetuentzako formakuntza
Hilaren 24ean, datorren eguenean, beste hitzaldi bat eskainiko dute Uni Eibar-Ermua eta Armeria Eskolakoek. Bertan, langabean daudenentzat eskainiko duten lan-formakuntzarako programa aurkeztuko dute. Modu horretan, langabezian daudenek euren formakuntza osatu, birziklatu eta berritu ahal izango dute ikastaroen bitartez.
Langile eta langabeei zuzentzen zaie ikastaro hauek, eta Hobetuz programaren barruan kokatzen da ekimena. Horrela, bai Uni Eibar-Ermuak, bai Armeria Eskolak, hainbat ikastaro eskaintzen dituzte, helburua langileen lanbide prestakuntza eraginkorragoa bilakatzea delarik, erabiltzaileengana hurbilduz eta Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen eskakizunei estuki lotuz.


Ekintzailearen Egunean bat

Ekintzailearen Eguna maiatzaren 30ean ospatzen da, baina Debegesak hainbat jarduera antolatu ditu egun horretatik kanpo ere. Horrela, Armeria Eskolak eta Uni Eibar-Ermua ikastetxeek Ekintzaileen Eguna ospatuko dute euren zentroetan, gaitasun ekintzailea sustatu eta pertsona ekintzaileak balioan jartzeko asmoz.
Armeria Eskolak hilaren 23an ospatuko du Ekintzailearen Eguna. 08.00etan emango die hasiera eta eskolaren sarreran stand bat ipiniko da. 09.00etetatik aurrera Jose Luis Novoa Armeria Eskolako zuzendariak, Belen Guinea Urrats Bat programako arduradunak, Vanesa Hortas Debegesako Enpresa Berrien Sorrerarako teknikariak eta Jordi Lorenzo Ermuko Udaleko teknikariak hitzaldiak eskainiko dituzte. Bestetik, Julian Iantzi telebista aurkezleak ‘Ideia bat baduzu, jarraiozu munduaren amaierara arte’ hitzaldia eskainiko du.
Uni Eibar-Ermuak, bere aldetik, ikasturte amaierako ekimenekin batera ospatuko du Ekintzaileen Eguna, ekainean.

Ekintzak Debegesan
Debegesak egitarau zabala eskainiko du maiatzaren 30ean. 18.00etatik aurrera Enpresen Azoka bat egingo dute eta, jarraian, Isabel Santiago ekintzaile eta coachak ‘Pentsamendu berriak, jarduera berriak, errealitate berria’ izeneko hitzaldia eskainiko du. Halaber, Debabarreneko ekintzaile talde batek sortu berri duen proiektua aurkeztuko da, Ekingune. Eta egunarekin amaitzeko, Debabarrena Ekinean! eta Bai Industriari! errekonozimenduak banatuko dira.