Ikasleak teknologia berrietan murgiltzeko tailerrak

Ikasleak teknologia berrietan murgiltzeko tailerrak
2013/02/14 eta kitto!

Udalak gazteak teknologia berrietan murgiltzeko tailerren 2. edizioa abiarazi du: Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleentzat prestatutakoetan Tux painting (dibujoko programa), Tux typing (mekanografia ikasteko programa) eta Pixton for fun (komikiak eratzeko programa) programetan trebatzeko aukera eskainiko dute eta 5. eta 6. mailako ikasleek, berriz, Scratch delakoarekin programazioaren aurreneko pausuak emango dituzte.
Tux painting, Tux typing eta Pixton for fun tailerrak barixaku arratsaldetan emango dituzte, martxoaren 1ean, 8an eta 15ean (ordutegi bi aukeran, 17.00etatik 18.00etara eta 18.00etatik 19.00etara). Prezioa 7 eurokoa izango da Eibarren erroldatutakoentzat eta 14 eurokoa besteentzat. Scratch ikastaroa, berriz, zapatuetan emango dute martxoaren 2an, 9an eta 16an (ordutegi bi aukeran, 16.00etatik 17.30etara eta 17.30etatik 19.00etara). Eibarren erroldatutakoek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta besteek 20 euro.
Klase guztiak Eibarko UEUko irakasleek emango dituzte, umeen Juan San Martin liburutegian. Eskaerak egiteko epea astelehenean, otsailaren 18an zabalduko da eta interesa dutenek 26ra arte izango dute izen-emateko aukera, Pegoran eskaerak aurkeztuta.