Ikasturte hasierako gastuetarako laguntzak emango ditu Udalak aurten ere

Ikasturte hasierako gastuetarako laguntzak emango ditu Udalak aurten ere
2022/09/02 eta kitto!
Udalak “Umeak Eskolara” eta “Dirulaguntzak Ikasleei” programen edizio berri bat onartu eta martxan jarri du. Laguntza horien bidez, ikasleen familiei 60,10 euro emango zaizkie ikasle bakoitzeko herriko establezimenduetan egindako erosketengatik. Horrela, familiei ikasturte hasierako gastuekin laguntzeaz gain, Eibarko merkataritzak salmentak handitzea ahalbidetzen dute. Dirulaguntza horiek bermatzeko, Udalak 297.950 euroko zenbatekoa esleitu du aurtengo aurrekontuetan (203.920 euro “Umeak Eskolara” programarako eta 94.030 euro “Dirulaguntzak Ikasleei” programarako).

Ikasle bakoitzeko ezarritako zenbatekoa 60,10 eurokoa bada ere, iaz zenbait salbuespen ezarri ziren. Hala, familia jakin batzuen premia bereziei erantzunez, ikasle bakoitzeko 120,20 euroko laguntza ezarri zen Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzen titularrak diren (2022ko urtarrilaren 31n) edo Elikagaien Bankuaren programaren barruan dauden familietako haurren kasuan. Eta aurtengo berritasun gisa, 120,20 eurorainoko laguntza jaso ahalko dute Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerak jasotzen dituzten familietako umeek.

Azken talde horretan dauden familiak salbu, oro har, eskabide bakoitzeko gehienez ere 60,10 euro eskuratuko dira, honako erosketa-gastu hauek ordaintzeko: arropa, oinetakoak, kirol-materiala, eskola-materiala (testu-liburuak izan ezik), betaurrekoak eta lentillak. Gainera, Eibarko dendetan salmentak sustatzeko asmoz, erosketak Eibarko dendetan egin beharko dira, aurtengo irailaren 1etik urriaren 31ra arte.
Laguntza hauek jasotzeko eskabideak aurkezteko epea irailaren 1ean hasi eta 2022ko urriaren 31n amaituko da, eta bakarrik irailaren 1etik urriaren 31ra bitartean egindako erosketen fakturak onartuko dira. Laguntza eskaerak Eibar Merkataritza Gune Irekiaren bulegoan (Isasi, 26 behea) entregatu beharko dira, astelehenetik barixakura, 08:00etatik 14:00etara.