IkerGazte kongresuan parte hartzeko matrikulazio-epea zabalik dago

IkerGazte kongresuan parte hartzeko matrikulazio-epea zabalik dago
2023/04/26 eta kitto!
Maiatzaren 17tik 19ra IkerGazte kongresuaren edizio berria egingo da, bosgarrena hain zuzen ere. Bertan bost elkargune egongo dira, bostehun lagun baino gehiago ikerketaz eta etorkizunaz berbetan, eta dena euskaraz.

UEUk eta Kongresuaren Batzorde zientifikoak bertan parte hartzeko deia egin dute horrela: “Edozein delarik ere zure ikerketa-eremua, tesia egiten ari bazara, tesia amaitzear zaudela, zein orain hiruzpalau urte amaitu zenuela, zatoz! Ikertzaile euskaldunen komunitatearen parte zara eta zu eta zure lanaren berri izan nahi du”.

IkerGazteren helburu nagusia ikertzaile gazteak bildu eta ikusgarritasun handiagoa ematea da (‘gazte’ diotenean, ibilbide zientifikoz ari dira), baina beste bi helburu dituzte: ikertzaileen arteko sarea egituratzea eta euskarazko zientzia produkzioa areagotzea.