Javier Gorosabel astrofisikaria gogora ekarri dugu bere heriotzaren bosgarren urteurrenean

Javier Gorosabel astrofisikaria gogora ekarri dugu bere heriotzaren bosgarren urteurrenean
2020/04/21 eta kitto!
Gaur bost urte hil zen Javier Gorosabel Urkia astrofisikari eibartarra, 45 urterekin. Oso gazte hil arren, zientzialari gisa egin zuen ibilbidea txapela kentzeko modukoa da eta, besteak beste, gamma izpien eztanda kosmikoen fisikan azken 15 urteotan eibartarrak egindako ekarpenak funtsezkotzat hartzen ditu nazioarteko astronomia-komunitateak. NASAk kontratatuta, Baltimoren dagoen Hubble espazio-teleskopioaren zientzia institutuan jardun zuen 2003. urteaz geroztik, 2006an Andaluziako CSIC-en zientifiko titular gisara beharrean hasi arte. Aurretik, Amsterdam-eko Unibertsitatean, Berkeleykoan, Harvard-en, Alemaniako Max Planck institutuan, Txileko Obserbatorio Astronomiko Australean, Milanekoan, Tautenburg-ekoan, Edinburgoko Astronomia Zentroan… ibilitakoa zen. Astrofisikariak 200 artikulotik gora idatzi zituen eta bere ikerketek 7.000 aitormen baino gehiago izan dituzte.

535UEU-Irakaskuntza-Master-Baner-300x300

Bera hil eta gutxira, 2015eko ekainaren 27an Girgillaoko (Nafarroa) behatokian bere oroimenezko hilarria ipini zuten. Horrez gain, San Pedro Martir Mexikoko behatokian 2015eko azaroaren 26an inauguratu zuten Bootes sareko bosgarren teleskopioari bere izena, “JGT” (Javier Gorosabel Telescope) ipini zioten. Eta 2017ko otsailean, berriz, Espainiako Astronomia Elkartearen babesarekin Iruñeko Planetarioak egindako proposamenari erantzunez, Nazioarteko Astronomia Batasunak asteroide bati izena aldatu eta eibartarrarena, (6192) Javiergorosabel eman zion.

Eibarko astrofisikariaren biografia Ego Ibarraren webguneko “Eibartarrak” atalean ipini zuten irakurgai, haren heriotzaren urteurrenean.

gorosabel 2

2012ko urrian egon ginen gu Gorosabelekin, …eta kitto! aldizkarirako elkarrizketa egiten, eta hori gogora ekarri nahi izan dizuegu, bere omenez.

Javier Gorosabel, astrofisikua: “Zerura begiratzia gustatzen jata, baiña oiñak lurrian eukitta”


– Zelakua da astrofisiko baten biharra?
Zeruan daguazen astruak begiratzen dittugu, bertatik informaziñua batzeko eta, ondoren, fisika eta matematikako formula diferentiak erabillitta, gure kalkuluak etara eta zeruan zer daguan esateko.

– Eta zelan pentsau zenduan hau ikasi eta honetara dedikatzia?
Umetatik euki dot zeruan ikusten diran izarreri-eta begiratzeko zaletasuna. Ahal neban guztietan, teleskopixo txiki bat beso azpixan hartuta Elgetako bidera juaten nintzan izarreri begiratzeko.

– Ikerketara dedikatzen dan zentruan diharduzu, baiña zelakua da zure eguneroko biharra?
Ba zoritxarrez gero eta papeleo gehixago egittia tokatzen jata eta, beraz, ikerketarako dakaten denporia gitxitzen doia. Kontua da teleskopixuak erabilli ahal izateko konpetiziño oso haundixa dakagula geure artian, gaba bakarra teleskopixotik begiratzen emotiak dirutza balixo dau-eta, horregaittik, ordu batzutan erabilli ahal izateko aukeria eukitzeko lehiaketak antolatzen dittue eta horretara presentatzeko proiekto haundixak eta dokumentaziño mordua preparau bihar da. Baiña, halako batian teleskopixua erabiltzeko aukeria lortzen dogun bakotxian, dakagun denporia ahalik eta onduen erabiltzen dogu ahalik eta dato gehixen batu eta gero, artikulo zientifikuak idatzitta, gure ikerketaren emaitzak ezagutzera emoteko. Teleskopixuak Kanarietan, Sierra Nevadan, Amerikako Estatu Batuetan eta beste toki askotan dagoz, baiña munduko onenak Txilekuak dira eta, jakiña, hórretako bat erabiltzeko aukeria eskuratzia benetan gatxa da.

– Zeuen biharraren barri emoten daben artikuluak, baiña, ez dagoz edozeiñen eskura, ezta?
Hala da, zoritxarrez gehixenetan oso argitalpen espezializatuetan baiño ez dittugu argitaratzen eta  gaiñera, ixa beti ingelesez idatzitta. Ez da harritzekua jendiak gure biharraz hain gitxi jakitzia.

– Edozelan be, zeuen inbestigaziñuak badaka eragiñik gure bizimoduan?
Eragiña mailla bittan neurtu geinke: lehelengo mailla batian, deskubritzen dittugunak gure haurreri eskoletan erakusten detsaguzenak dira. Eta bigarren mailla batian, guk deskubridu dittugunetako batzuk inpakto teknologikua euki dabe, adibidez, sukaldian gauzak epeltzeko erabiltzen dittugun mikrouhiñetan, hegazkiñetarako materixal barrixen garapenian eta beste hamaika gauzatan.

– Oin dala gitxi mundu osuan egon giñan espaziora begira Felix Baumgartnerren saltua ikusteko. Zelan ikusten dittuzu holakuak?
Zientziaren aldetik ez detset topatzen aparteko interesik, baiña eukitzen daben inpakto mediatiko haundixarengaittik akaso baten bateri espaziuarenganako jakinmiña pizteko balixo leikie. Hortik kanpora ez detset beste interesik topatzen.

– Ez jatzun gustauko biaje espazial horretakoren batian parte hartzia?
Betidanik holako kontuetarako nahiko beldurtixa izan naizela aitortu bihar dot eta ez dakat holako tentaziñorik. Zerura begiratzia gustatzen jata, baiña beti be oiñak lurrian eukitta.

https://www.youtube.com/watch?v=vDz57rWhivk&fbclid=IwAR0zEuyVNxxHbc-_-go8BPS3gNgA8ckNANoKrwlC0XKGl8Y-5TZLnO6Va0g