Lanbide Heziketako matrikulazioa bultzatzeko ahaleginetan dihardu udalak

Lanbide Heziketako matrikulazioa bultzatzeko ahaleginetan dihardu udalak
2012/05/18 eta kitto!

Eibarko udaleko Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berrikuntza Sailak gure herriko Lanbide Heziketako ikastetxeen lana bultzatzeko ahaleginetan dihardu, "alde batetik, kalitate eta eskaintza zabala dutelako eta, bestetik, ikastetxeek Eibarren eta eskualde honen garapen sozioekonomikoarekin zeresan eta zerikusi handia dutelako".
Helburu horri jarraituta eta ikastetxeetan matrikulatzeko sasoia hastear dagoela aprobetxatuta,  hainbat ekimen abiarazi dituzte lanbide heziketaren alorrean Eibarrek duen eskaintza zabala ezagutarazteko eta, besteak beste, informazio-jardunaldiak antolatu ditu.
Lehenengoa datorren eguenean, hilaren 24an egingo da, 18.00etan Portaleko areto nagusian. Han izango dira José Carlos Crespo Velasco, Lanbide Prestakuntzarako eta Etengabeko Ikaskuntza Sailburuordea, Mª José Telleria,  Eibarko udaleko Garapen Ekonomikoa, Enplegua eta Berriztapen batzordeko zinegotzi arduraduna eta herriko ikastetxeetako ordezkariak. Sailburuordeak, LHren gaur egungo egoerari buruz eta LHk ematen dituen aukeren inguruan egingo du berba eta ikastetxeetako ordezkariek euren eskaintzaren berri emango dute. Ekitaldian, bestalde, oroigarri bana emango diete Lanbide Heziketako ikasle onenei.
Aldi berean, Udalak gutun bana bidali die lanbide heziketako ikasketak egiteko moduan dauden gazte guztiei (1.000 inguru) Lanbide Heziketako ikastetxeek duten eskaintza zabalaren inguruko informazioarekin eta, bide batez, egueneko ekitaldiaren berri ematen.