Udalak bi hitzarmen sinatuko ditu Armeria Eskola Elkartearekin ikasleak Lanbide Heziketaren edukietara hurbiltzeko

Udalak bi hitzarmen sinatuko ditu Armeria Eskola Elkartearekin ikasleak Lanbide Heziketaren edukietara hurbiltzeko
2022/07/21 eta kitto!


Eibarko Udalak bi lankidetza-hitzarmen sinatuko ditu laster Armeria Eskola Elkartearekin (Sustapen sozio-ekonomikoa talentutik). Proiektuen helburua da Eibarko ikasleak lanpostuetara eta lanpostu horien titulazioak ematen dituzten heziketa-zentroetara hurbiltzea, eta langile potentzialen talentua sustatzea profil sortzaileago eta ekintzaileago batera bideratzeko. Bi egitasmo horiek (‘Steam DBH’ eta ‘Gazteak Enpresan’) aurrera eramateko Udalak bi hitzarmen sinatu ditu, 30.000 eta 15.000 eurokoak, hurrenez hurren.


Horren harira, Jon Iraola alkateak hauxe adierazi du:  “Eibarko Udaletik lortu nahi dugun helburua da gure herrian ekosistema ekintzaile eta berritzaile bat indartzea; horretarako, Eibarren beren proiektuak garatu eta ezarri nahi dituzten enpresei eta pertsonei aukerak emateaz gain, oso garrantzitsua da gure ikasleak filosofia horretan prestatzea. Horregatik, ikasleak enpresa-arlora hurbiltzeak erreminta baliotsuak ematea ahalbidetzen du gerora lan-munduan sartzeko.”


Lehenengo proiektuak ‘Steam DBH’ du izena, eta haren helburua da Eibarko DBHko 3. mailako ikasleak enpresako lanpostuetara eta lanpostu horien titulazioak ematen dituzten Lanbide Heziketako zentroetara hurbiltzea, sentsibilizazio-ekintzen bidez. Horretarako, 12 lanpostu aztertuko dira 12 enpresatan, proiektuaren lehen edizio honetan.


Asmoa da orientazio akademiko eta laboralean lan egitea, profil teknologiko-industrialeko langile baten egunerokoa bertatik bertara ezagutu ahal izateko. Horrela, gazteek lanbide teknologiko-industrialei buruz izan ditzaketen zalantzak edota eragozpenak uxatu ahal izango dituzte, motibazioak argitu eta horrelako ikasketak hasteko konfiantza eta autoestimua sendotu. Proiektu hau aurrera eramateko, eta hitzarmenean ezarritakoaren arabera, Eibarko Udalak 30.000 euro emango ditu, honako gastu hauetarako: tutoretza espezializatuko gastuak, proiektuaren komunikazio- eta dibulgazio-gastu zuzenak, proiektua garatzeko beharrezkoak diren materialak, LHko enpresa eta zentroetara egindako bisitei lotutako bidaia-gastuak eta programa kudeatzeko zeharkako gastuak.


Udalak diruz lagunduko duen bigarren proiektua ‘Gazteak Enpresan’ du izena. Hirugarren aldiz jarraian egingo da, eta xedea da langile potentzialen zeharkako gaitasunen garapena eta, zehazki, talentua sustatzea ikasleek profil sortzaile, bereizgarri, proaktibo eta ekintzaileago bat izan dezaten; horretarako, Armeria Eskolako ikasleek talde multidiziplinarrak sortzen dituzte eskualdeko eta inguruko enpresen benetako erronkak lantzeko. Egitasmo hau aurrera eramateko, eta hitzarmenean ezarritakoaren arabera, Eibarko Udalak 15.000 euro emango ditu, honako gastu hauetarako: erronken tutoretza espezializatuko gastuak, proiektuaren komunikazio- eta dibulgazio-gastu zuzenak, erronketarako beharrezkoak diren materialak eta programa kudeatzeko zeharkako gastuak.


Bi proiektuok 2022-2023 ikasturtean egingo dira.