UEUfesta egingo da bihar Markeskuan

UEUfesta egingo da bihar Markeskuan
2022/05/31 eta kitto!
Udako Euskal Unibertsitateak UEUfesta eskainiko du bihar, 18:00etatik aurrera, Markeskuan jauregian. UEUk 50 urte bete ditu aurten eta, izaera “festazalea” edukiz, “urteurren honetan ezin zuen hutsik egin ospakizun kutsuko jarduerarik”, diotenez. Jai horren bitartez UEUren izaera gertuko eta herrikoia islatu nahi dute, eta elkartzeko, ospatzeko eta UEUko komunitatea omentzeko ekitaldia izatea.

Ane Sarasua UEUko Idazkari Nagusia eta Leire Narbaiza UEUko bazkideak izango dira Markeskuako ekintzaren aurkezleak. Bertan, Miren Atristain, Jone Amuategi, Arrate Hernandez eta Iraia Muñoa ikerlari gazteek hartuko dute parte; Felix Elortza eta Edu Apodaka ikertzaile beteranoak egongo dira; Mikel Kartonek musika jarriko du; zizka-mizka batzuk jateko aukera egongo da; eta sorpresaren bat egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.

UEUfestan parte hartzeko ezinbestekoa izango da aurretik izena ematea eta, horretarako, komunikazioa@ueu.eus helbidera idatzi behar da.