Umeak Eskolara eta Dirulaguntzak Ikasleei programetako eskaerak egiteko epea zabaldu dute

Umeak Eskolara eta Dirulaguntzak Ikasleei programetako eskaerak egiteko epea zabaldu dute
2020/09/08 eta kitto!
Udalak jakinarazi duenez, ‘Umeak Eskolara’ eta ‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programetako dirulaguntzak jasotzeko epea zabalik dago. Programa horien bitartez, Udalak 120,20 euroko dirulaguntza emango dio ikasle bakoitzari, Eibarko dendetan irailaren 1etik urriaren 30era bitartean egindako erosketengatik.

2 eta 15 urte bitarteko haurrei zuzenduta  dagoen ‘Umeak Eskolara’ programako onuradun izan daitezkeen familiei gutuna bidali die Eibarko Udalak, bete beharreko eskaera-orriarekin eta jarraibideekin.

‘Dirulaguntzak Ikasleei’ programa, berriz, 1995eko urtarrilaren 1etik 2004ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako ikasleei zuzenduta dago eta dirulaguntza jaso nahi dutenek Pegorara (Informaziorako Udal Bulegora) jo beharko dute, eskaera egiteko behar dituzten agiriak bertan hartzera. Azaldu dutenez, ez da beharrezkoa izango Pegorarako ilaran zain egotea, “nahikoa da bulegora joatea eta sarreran dauden gutun-azalak hartzea”.

Bestalde, aurreko urteetan ez bezala, aurten betetako agiriak eta egindako erosketen fakturak Eibar Merkataritza Gune Irekiaren bulegoan entregatu beharko dira, Untzagako dorrean (sarbidea Txaltxa Zelaitik). Eskaerak eta fakturak entregatzeko ordutegia honako hau izango da: irailaren 14ra arte, astelehenetik barixakura, 08:00etatik 14:00etara; eta irailaren 15etik urriaren 30era bitartean, astelehenetik eguenera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:30era eta barixakuetan, berriz, 08:00etatik 15:00etara.

Udalak azpimarratu duenez, 120,20 euroak jasotzeko, erosketak gutxienez Eibarko bi merkataritza-establezimendutan egitea ezarri da aurten baldintza gisa.