Amañako frontoia berritu dutenetik garajeetara ura sartzen dela salatu dute

Amañako frontoia berritu dutenetik garajeetara ura sartzen dela salatu dute
2013/02/12 eta kitto!

Gaur (martitzena, hilak 12) goizean Bilduko ordezkariekin batera Amañan egon gara kazetariak, berriki inauguratu den frontoiaren azpiko garajeetan urarekin daukaten arazoaren ondorioak ikusten. Garajeetako jabeek arazoaz ohartarazita gaiari heldu diote Bildukoek eta, batu duten informazioaren arabera, "Amañako garajeen gaineko terraza urbanizatzeko beharren espedientean jasota dagoenez, konpondu bariko obrako akatsak direla-eta, 2012. urte osoan rifi-rafea izan dute Amenabar eraikuntza-enpresak eta Udaleko kanpoko zuzendaritza teknikoak; azken honek proiektua egiteaz gain beharrak zuzendu zituen".
Garajeen jabeek arazoarendako konponbide bila Udalera "sarritan" jo dutela diote, "baina orain arte ez digute ezer konpondu". Bien bitartean, garajeetara ura etenbarik sartzen dihardu eta honezkero sabai zati batzuk jausten hasi dira eta beste hainbat tokitan edozein momentutan erortzeko arriskua dago. Auzokideen berbetan, "goiko terrazan beharrean jardun zutenean ura ez sartzeko erabili zuten materiala ikusteko aukera izan genuen: betiko oihal asfaltikoaren ordez punta-puntakoa omen den beste bat bota zuten, baina behar den moduko emaitza lortzeko ganoraz ipini behar da, teknika jakin bati jarraituta, eta hemen beharrean jardundakoek ez zuten aparteko kualifikaziorik". Bilduren iritziz, "obra publikoetan zuzendaritza teknikoa egiteko kanpoko profesionalak kontratatzeak ez du bermatzen obretako kontrol egokia egingo denik" eta Amañan gertatutakoa horren adibidea litzateke.
Udalaren erantzuna
Salaketa publikoaren harira, alkatetzak gaur bertan erantzun nahi izan du: "Urtarrilean ekin zitzaion espedienteari, hezetasunaren arazoari konponbidea emateko orduan enpresak egin dituen beharrak ez direlako behar bestekoak izan". Horrekin batera, Bilduko udal-taldeak gaur egindako adierazpenen aurrean, "udal teknikariak obrari jarraipen zuzena egin diola" diote eta, "horri esker lehenengo filtrazioak antzeman zirenetik beharrez arduratu den enpresari horien inguruko salaketa egitea posible izan da. Beharrak amaitu zituztenetik, udalak kontratistari sarritan agindu dio akats horiek konpontzeko eta ez bakarrik ahoz, idatziz ere hiru bider eman dio agindu bera, azkena 2012ko azaroaren 14an. Arazoari konponbiderik eman ez zaionez, udalak 2013ko urtarrilaren 28an ekin zion betearazpen subsidiarioko espedienteari eta datozen asteetan lan horiek beste enpresa bati adjudikatuko zaizkio".