Andretxeak Isasi kalean duen egoitza berria errebaleko garajeen salmentarekin finantzatuko da

Andretxeak Isasi kalean duen egoitza berria errebaleko garajeen salmentarekin finantzatuko da
2021/06/09 eta kitto!


‘Errebal Plazia’ eraikin berriaren garajeen adjudikazioak modua emango du Emakumeen Etxearen barrualdeko egokitzapen-lanak egiteko funtsak edukitzeko, PSE-EEk eta EH Bilduk aurtengo ekitaldirako lortutako aurrekontu-akordioaren arabera. Aurtengo azken hiruhilekoan zehar, eta adjudikazioa egin ondoren, lizitaziora atera ahalko dira Astelena frontoiari itsatsitako eraikinaren obrak, 900.000 euroko aurrekontuarekin.

Astelena pilotalekuaren ondoan dagoen Isasi kaleko udal eraikinean Andretxearen egoitza berria kokatzeko proiektuari beste bultzada bat emango zaio laster, eraikinaren barrualde osoaren azpiegiturak egokitu egingo direlako. Eraikinaren kanpoaldea berriztuta dago jada, eta barrualdea egokitzea besterik ez da falta.

Andretxeko proiektuaren aurrerapauso hau lotuta dago ‘Errebal Plazia’ funtzio anitzeko gune berriaren -2 solairuko garajeak eta trastelekuak eraikitzearekin eta emakidan adjudikatzearekin; izan ere, Errebaleko garajeen adjudikazioarekin lortuko diren diru-sarreren zati bat Andretxeko eraikin berriaren barnealdea eraberritzeko erabiliko da.

Duela egun batzuk garajeen zozketa eta ondorengo izapideak egin eta aparkaleku-plazak adjudikaziodun izan diren pertsonei esleitu ondoren, uste da irailerako Udala garajeen salmentako dirua jasotzen hasiko dela, eta, horri esker, urteko azken hiruhilekoan Andretxeko barnealdeko obrak lizitaziora atera ahal izateko funtsak izango dituela. Hala, 2022. urtean hasiera eman ahal izango zaie Isasiko eraikinean aurreikusitako lanei.

Andretxea barrutik egokitzeko proiektuaren xehetasunak

Astelena pilotalekuaren ondoko eraikina barrutik egokitzeko proiektua 2019. urtearen amaieran onartu zen, baina obren adjudikazioa atzeratuz joan da, 2020an beste aurrekontu-lehentasun batzuk sortu zirelako Covid-19 pandemiaren agerpenaren ondorioz.

Udalak jada eginda duen proiektu honek Udaleko Berdintasun Zerbitzuak bere garaian planteatutako premiak eta eskakizunak jasotzen ditu, eraikinak bildu beharko lituzkeen zerbitzuen eta espazioen banaketari dagokionez; proiektuan ahalik eta gehien aprobetxatzen da daukan azalera, oso eraikin estua dela kontuan hartuta.

Proiektuak, era berean, eraikinaren aldeetako bat berreskuratuko du, multzoarekin harmonizatuz, eta, aldi berean, Astelena pilotalekurako sarbideak eta larrialdietako ebakuazioa ere hobetuko ditu; egungoa baino sarrera zabalagoa eta modernoagoa egingo da.

Andretxeko eraikin berriaren espazio-banaketaren arabera, Isasi kaleko sarrera nagusitik eraikinaren beheko solairura sartuko da, eta bertan egongo dira harrera, bulego-gune bat eta erabilera anitzeko espazio bat. Lehenengo solairuan Udaleko Berdintasun Zerbitzuko talde tekniko eta politikorako bulegoak kokatuko dira, eta baita erabilera anitzeko gela zabal bat eta bilerak egiteko beste bat.

Bigarren solairuan egongo dira liburutegia, ordenagailu-gela, berdintasunaren alde lan egiten duten elkarteentzako eta emakume-taldeentzako hainbat bilera-gela eta sukalde handi bat, balioko duena topagune eta prestakuntza-espazio bat bezala.  Gainera, erdisotoan leku txiki bat egongo da agertoki moduan, hitzaldiak eta antzeko jarduerak egiteko aukera emango duena.

Udalak duela urte batzuk eraikina erosi ondoren, etorkizuneko erabilerari buruzko beste aukera batzuk aztertu ziren, eta azkenean erabaki zen Andretxea bertan kokatzea. Izan ere, egungo egoitza (beheko solairuko lokal bat zezen-plazaren aurrean) txiki geratu da hartzen dituen elkarte eta talde guztientzat eta antolatzen dituen jarduera ugarietarako.

Erabaki hau hartu ondoren, eraikinaren kanpoaldea zaharberritu eta egokitzeari ekin zitzaion, ikusita zaharkituta eta hondatuta zegoela erabilera faltaren ondorioz.  Kanpoaldea eraberritzeko lanen kostua 700.000 eurokoa izan zen.