[ARGAZKIAK] Errebal Plazia barrutik ikusten egon gara gaur eguerdian

[ARGAZKIAK] Errebal Plazia barrutik ikusten egon gara gaur eguerdian
2021/07/09 eta kitto!
Gaur eguerdian zabaldu dituzte Errebal Plazia eraikin berriaren plaza estalia eta inguruak herritarrentzat. Aurrerantzean egunero zabalduko dituzte plaza estalira sartzeko ateak, “oraingoz goizeko 09:00etatik 21:30era”. Gauez, beraz, ezin izango da bertara sartu. Ateak herritarrentzat zabaldu aurretik, Jon Iraola alkateak, Alberto Albistegi Obrak saileko zinegotziak, Patxi Lejardi Kultura saileko zinegotziak eta bi sailetako teknikariek eraikina barrutik erakusteko bisita egin dute kazetariontzat.

Alkateak gogorarazi duenez, Errebal Berriaren osaera “Eibarko Udalak egindako parte-hartze prozesuaren emaitza da”. Eraikinaren inguruko espazioekin batera, estalitako plaza erabili ahal izango du jendeak gaurtik hasita. Pandemia dela-eta, COVID-19tik babesteko protokoloari jarraituta, kultur ekitaldiak antolatzeko prestatuta dagoen estalitako plazan 250 bat lagunentzat tokia dago (bestela, 600 bat lagun jarrita egoteko tokia legoke). Aldagelak eta komunak ere bertan daude. Goiko pisuan, berriz, kultur arloko jardueretarako ekitaldiak antolatzeko bi areto egin dituzte, besteak beste. Eraikinaren azpian, bestalde, lurrazpiko bi solairuetan garajeak eta trastelekuak (-2 solairuan) eta txandakako parkinga (-1 solairuan) daude. Eta Merkatu Plaza berria izango denak, sei saltoki finkorako tokia izatez gain, erdian baserritarrak hartuko ditu, batetik bestera mugitzeko aukera ematen duten egurrezko postuetan. Merkatu Plaza azaroan zabaltzeko moduan egotea aurreikusi dute.

[foogallery id="111291"]

Oposizioak ez du parte hartu ekitaldian

Bestalde, EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos “Eibarko Udaleko gehiengoa osatzen duten udal taldeek”  batera sinatu duten oharrean diotenez, ez dute parte hartuko “Errebal faseka inauguratzeko ekitaldietan. Are gutxiago, hedabideak eta udal taldeak ez dituztenean ordu berean deitu. Egindako kudeaketa negargarriaren irudi-garbiketa egiteko asmoz egin dute, oraindik ere hilabeteak falta direnean Errebal Plazia erabat martxan jartzeko.  Ez dugu arrazoirik ikusten horrelako propaganda-ekitaldiak egiteko, oraindik espazioen kudeaketa definitzeke dagoenean. Udal talde bakoitzak bere iritzia plazaratuko du datorren asteartean, hilak 13an, arratsaldeko 7etan Coliseo antzokian”.