Asola-Igartzan salgai jarritako garajeak erosteko 41 eskabide onartu dituzte

Asola-Igartzan salgai jarritako garajeak erosteko 41 eskabide onartu dituzte
2023/04/17 13:03
eta kitto!
Udalak Amaña auzoko Asola-Igartza kaleko 10. zenbakiko babes ofizialeko etxebizitzen eraikinean 16 garaje-plaza jarri ditu salgai eta, horretarako, 41 eskabide onartu eta bi baztertu ditu, oinarrietako baldintzaren bat ez betetzeagatik. Eskabideak aurkezteko epea gaur amaitzen da, hilak 17.

Guztira 16 garaje-plaza eskaintzen direnez eta momentuz 41 eskabide onartu dituztenez, zozketa publikoa egingo da, oraindik zehazteko dagoen egun, toki eta orduan. Zozketan, zenbaki bat aterako dute poltsa batetik eta zenbaki horri dagokion pertsonak garajea hautatzeko aukera izango du. Gainontzeko plazak lehen zenbakitik gorako hurrenkerari jarraituz aukeratuko dira. Plazak aukeratzeko, zozketan hautatutako pertsonei banan-banan deituko zaie, zozketaren hurrenkeraren arabera.

Salgai jarriko diren 16 garajeak -1 sotoan (10 plaza) eta -2 sotoan (6 plaza) daude. Ezaugarriei dagokienez, haietako hamabik 18,65 eta 18,93 m2 arteko azalera dute, eta beste lauk 14,08 eta 14,88 m2 artekoa. Plaza handienek 10.672,20 euroko kostua izango dute (BEZa barne) eta besteek 8.693,85 eurokoa (BEZa barne).