Ego Gain kalea eta autobus geltokia hobetzeko lanek linea batzuetan aldaketak eragingo dituzte astelehenetik aurrera

Ego Gain kalea eta autobus geltokia hobetzeko lanek linea batzuetan aldaketak eragingo dituzte astelehenetik aurrera
2023/04/12 eta kitto!
Aste honetan hasi dira Ego Gain inguru osoa berrantolatzeko eta berrurbanizatzeko lanak eta gaur azaldu ditu prentsaurrekoan proiektuaren nondik norakoak Jon Iraola alkateak, baita ere lanek inguru horretako jardueran izango duten eragina eta autobus lineen mugimenduan eragingo dituzten aldaketak. Esandakoari jarraituz, proiektuak gaur egungo autobus geltokirako hainbat hobekuntza jasotzen ditu. Lanen kostua 48.398 eurokoa da (BEZa barne), Egogain San Andrés SL enpresak egingo ditu, eta bost bat asteko iraupena izango dute.

Atzo bertan hasi ziren ingurua hobetzeko lanean eta, obra amaitu bitartean, Ego Gain inguruan ibiltzea “deserosoa” izango dela aurreratu badute ere, uneoro bermatuko da oinezkoentzat pasabideak zabalduko dituztela, baita inguruan dauden taberna eta dendetarako ere. Autobus gehienak ere bertatik irten eta bertara ailegatuko dira, baina hainbat lineatan aldaketak egongo dira astelehenetik aurrera, lanak hemendik bost astera amaitu arte: Eibar-Arrasate-Vitoria-Gasteiz, Eibar — Vitoria-Gasteiz (urtegitik), Eibar-Arrasate eta Eibar-Bergara-Arrasate-Eskoriatza lineak Untzaga plazako geltokitik irtengo dira, eta ez Ego Gainetik. Eta linea horien amaiera, Eibarrera iristen direnean, San Juan geltokian izango da, eta ez Ego Gainen. Nolanahi ere, linea horien ordutegiek ez dute aldaketarik izango.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, “obrak egungo autobus-geltokiaren eta pareko aldearen artean egingo dira, etxebizitzen urbanizazio berria eraiki den lekuaren aurrean. Eraikin berri horren fatxada lerroa kaleko gainerako fatxaden mailara atzeratu denez, espazio publikoa irabaztea lortu da. Horrela, eraikinaren espazio osagarrian, espaloia handitu da eta horrek aukera ematen du zuhaitz-lerro bat sartu eta egoteko eremu zabal bat izateko, eta autobusen maniobra-eremuan toki gehiago sortu da, egungo autobus-geltokia birdimentsionatu eta hobetu ahal izateko. Oinezkoentzako espazioa, oro har, hobetu egingo da, egungo dartsenak bi metro atzeratuko baitira eta sei dartsenetako bat lekuz aldatuko baita. Era berean, bi espaloiak zebra-bide berri batekin lotuko dira autobusen maniobra-eremutik kanpo geratzen den espazioan. Horrela, seigarren dartsena espaloiaren ondoan kokatuko da, kalean bertan”.

Horrekin batera, Udalak geltoki berritua haren zerbitzurako lokal batekin osatuko du. Lokal hori etxebizitza-eraikin berriaren beheko solairuan kokatuko da.  Ego Gainetik zein San Andres kaletik (eraikinaren atzealdetik) sartu ahal izango da lokal horretara, eta, horrela, Ardantzako tren-geltokiarekiko lotura erraztuko da. Bertan itxarongune bat egongo da erabiltzaileentzat eta hainbat zerbitzu jarriko dira, hala nola takillak eta komunak. Ego Gaineko eremua berrurbanizatzeko proiektuaren barruan, halaber, komun publiko batzuk jartzea planteatu zen. Komun horiek duela aste batzuk jarri ziren Kontent tabernaren aurrean dagoen haur-parkearen ondoan, eta dagoeneko martxan daude.

egogain2_etakitto

egogain3-etakitto