Errebalgo lanen zuzendaritzaz arduratzen diren teknikariek oposizioko alderdien akusazioei erantzun diete

Errebalgo lanen zuzendaritzaz arduratzen diren teknikariek oposizioko alderdien akusazioei erantzun diete
2020/10/21 eta kitto!
Errebalgo lanen zuzendaritzarekin arduratzen ari den UTE Errebal Hiru osatzen duten teknikariek idatzia helarazi digute, aurreko barixakuan EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos alderdietako udal taldeetako ordezkariek eman zuten prentsaurrekoa dela eta, hor euren kontra egindako askusazioen aurrean erantzuteko. Diotenez, oposizioko hiru alderdiek prentsaurrekoan salatu zituzten puntu guztiak bezperan, udaletxean egindako Obra Batzordean eurek “ederki azaldu eta argitu” zituzten: “Hilaren 15ean egin genuen bilera horretan, aipatutako taldeetako ordezkarien galderei erantzunez, argi eta garbi geratu zen egindako lanen zenbateko zehatza baino ez zela egiaztatu eta Kontratuen Legean inolako lege-hausterik ez zela egin. Egia da Aldatutako Proiektuak jasotzen dituen hainbat lan egin zirela, oraindik behin-betiko onarpena izan aurretik, baina horrek ez du esan nahi legea hautsi zenik, Kontratuen Legeak hori espreski ahalbidetzen duelako 242.5 artikuluan. Onartu genuen, baita ere, Aldatutako Proiektuaren lanak ordaintzeko jatorrizko proiektuko unitate batzuk erabili zirela eta horietako batzuk, biomasa-galdararen kasuan bezala, ez direla egin eta ez direla egingo. Hala ere, hori behin-behineko zerbait zela azpimarratu genuen, Aldatutako Proiektua onartzean aipatutako unitate horiek egiaztapenetik desagertuko zirela, obran benetan egindakoengatik ordezkatuta, kontu-ordainketa baino ez zela”.

Gauzak horrela, eta hilaren 13an alde guztiek Aldatutako Proiektuaren kontratua sinatu dutenez, “hilabete honetan bertan, hau da, urrian egingo dugun egiaztapenean, aipatutako guztia erregulatuta egongo da. Beraz, UTE Iza Campezori egin ez dituen lanengatik ordaindu nahi zaiela esaterik ez dago, hori gezur biribila da, eta hala adierazi zen behin eta berriz Obra Batzordearekin egindako bileran”.

UTE Errebal Hiruko teknikariek argitu nahi duten beste puntu bat azken egiaztapenak jasotzen duen zenbatekoaren ingurukoa da: “Azken egiaztapenaren zenbatekoa 510.000 eurokoa izatearekin harrituta daudela diote, baina bilera horretan argi laga zen garestiak diren elementu batzuk, adibidez eraikinaren estalkia, egiaztapen horretan jasota daudela. Gainera, azpimarratu nahi dugu oraindik egiteke dauden lanen zenbatekoa 2.896.000 eurokoa dela eta, horiei Aldatutako Proiektuaren 6999.000 euroak gehituz gero, azken zenbatekoa 3.595.000 eurokoa dela. Lanak amaitzeko 8 hilabete inguru falta direla kontuan hartuz gero, hileroko batazbesteko egiaztapena 449.000 eurokoa lirateke. Aurretik egindako egiaztapenekin alderatuz gero, oraingo zenbatekoa hirukoitza edo gehiago da, bai, baina hori ez da harritzekoa, obren azken zatian egiten baitira lanik garestienak”.

Behin puntu horiek azalduta, oposizioko alderdien jokabidea “negargarria” dela diote: “Obra Batzordean gure azalpen guztiak entzun eta gero, hurrengo egunean prentsaurrekoan esan zituzten gauzak esatea lotsagarria da. Izan ere, gezurretan aritzeaz gain, behin baino gehiagotan eta inolako kexa barik Eibarko Udalarentzat lan egin duten teknikarien zintzotasuna zalantzatan ipintzen dute, obrak ahalik eta modurik onenean amaitzeko ahalegina, besterik ez dugunean egiten. EAJ-PNV, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos taldeak ez badaude ados Udaleko Gobernu Taldearekin, dagokion tokian konpondu beharko dute hori, obraren zuzendaritzarekin arduratzen ari diren teknikarien profesionaltasuna eta zintzotasuna zalantzatan ipini barik!”.