Errekatxuko etxeetako obrek Bidebarrieta eta San Agustin kaleetako trafikoan eragina izango dute

Errekatxuko etxeetako obrek Bidebarrieta eta San Agustin kaleetako trafikoan eragina izango dute
2022/07/12 eta kitto!
Ur-beltzen eta elektrizitatearen sareak sare publikora konektatzeko lanak egiten dihardute Errekatxuko etxe-promozio berrian eta, ondorioz, Bidebarrieta eta San Agustin kaleetako trafikoan aldaketak egongo dira abuztu amaierara arte. “Ibilgailuen eta oinezkoen trafikoari dagokionez, ahalik eta aldaketa gutxien eragiten saiatuko dira”, Udalaren berbetan.

Udalak adierazi duenez, “aldaketak ahalik eta txikienak izan daitezen”, ibilgailuen zirkulazioa uneoro zabalik egongo dela bermatzen dute, “nahiz eta, horretarako, hainbat aparkaleku kendu behar izan, zirkulazioa desbideratzeko”, diotenez. “San Agustin kalean zabaldu beharko den zanga nahiko sakona izango da; hortaz, baliteke uneren batean ibilgailuentzako itxi behar izatea”, gehitzen dute.

Oinezkoei dagokienez, Bidebarrieta kaleko 20. eta 24. zenbakien arteko igarobidea kenduko dute eta behin-behineko bi pasabide jarriko dira egun dagoenaren bi alboetan. Gainera, obraren ondoan 2 metroko altuerako hesiak jarriko dira oinezkoen segurtasuna bermatzeko.

 

Obren zehaztapena

Errekatxu Berri enpresa sustatzaileak egingo ditu obrak. Zehazki, hauexek izango dira lanak: Bidebarrieta 20. eta 24. zenbakien arteko eraikinen sustapenetik datorren ur-beltzen sarea San Agustin kaleko 5. zenbakiaren parean dagoenarekin lotzea; eta, era berean, sustapeneko sare elektrikoa, hura ere Bidebarrieta kaleko 20. eta 24. zenbakien artean dagoena, kale horretan bertan dagoen sarearekin lotuko da eta 14. atariaren pareraino eramango da, aparkalekuen lerroan zanga bat irekiz, Bidebarrieta eta Julian Etxeberria kaleek osatzen duten izkinan dagoen transformazio-zentroarekin lotzeko.