Estaziño-Azitain proiektuaren maketa egiteko eskaera aztertuko du gaur udalbatzak

Estaziño-Azitain proiektuaren maketa egiteko eskaera aztertuko du gaur udalbatzak
2023/01/30 eta kitto!
Gaur 19:00etan udaletxean egingo den ohiko osoko bilkuran eztabaidatzeko mozioa erregistratu du Lurperatzen gaituen paseoari ez- Ekialdea Bai Auzo Elkarteak, Udalari eskatzeko Estaziño eta Azitain arteko zatia jasotzen duen maketa eskalan egin dezala: “Maketa horretan inguruko eraikinak eta gainerako elementuak agertzea nahi dugu. Behin betiko proiektua nolakoa izango den xehetasunez ikusteko, eta jendaurrean erakusteko Eibarko herritarrekin gardenak izan daitezen. Gainera, uste dugu horrela Europako betebeharrak beteko liratekeela eta gauzatu nahi den azpiegitura berriaren benetako eragina ikus daitekeela. Era honetara, herritarrek gai publikoetan modu eraginkorrean parte har dezakete”.

Eskaera egiteko orduan, Udalaren Gardentasun Estrategia ekarri nahi izan dute gogora, elkartean “jendeari modu gardenean azaldu ez zaion proiektu baten eraginagatik” kezka handia dagoela gaineratuta: “Udalak bere Gardentasun Estrategian dioenez: gardena izatea kalitatezko informazioa ematea da, egiazkoa, argia, koherentea, denboran egokia, materialki garrantzitsua, egituratua, zehatza, ulergarria, osoa, segurua, irisgarritasun errazekoa eta herritarren hainbat elkarteren laguntza eta babesa dutenak, eta beti prest daudenak guztien iradokizunei, proposamenei eta balizko eskaerei erantzuteko. Bestalde, uste dugu Eibarko Udaleko talde politiko guztiek maketa bat egitearen, eta herritarrei erakustearen alde bozkatuko dutela, gardentasun estrategia betez”.