Estaziño eta Azitain arteko trenbide-zatia estaltzeak zarata murriztuko duela dio Udalak

Estaziño eta Azitain arteko trenbide-zatia estaltzeak zarata murriztuko duela dio Udalak
2023/05/02 eta kitto!
“Eibar eta Azitain geltokien arteko trenbide-zatiaren azterlan akustikoa” izenekoaren emaitzen arabera, trenbidearen gaineko pasealekua eraikitzeko proiektuak “eragin positiboa izango du zarata-mailetan. Izan ere, zarata horiek ez dira nabarmen handituko, aitzitik, murriztu egingo dira, bai pasealekuaren plataformak berak trenbide ondoko fatxadetan eragingo duen pantaila-efektuagatik, bai hesi akustikoen efektua duten altuera txikiko alboko hesien eraginagatik”. Hala eman zuten aditzera Alberto Albistegi Obretako zinegotziak eta Jon Iraola alkateak, barixakuan egindako prentsaurrekoan.

Txostena ACC Centro de  Acústica Aplicada enpresak egin du, Euskal Trenbide Sareak (ETS) esleituta, eta aurreko eguenean aurkeztu zituzten azterlanaren ondorioak udaletxean, estaldura eremutik gertu dauden etxebizitzetako bizilagunei aurkeztu ondoren.

Albistegik azaldutakoari jarraituta, azterlana egiteko lau tartetan (geltokiaren inguruan, Barakaldo kaleko 27. zenbakitik Electrocicloseko etxeen inguruan, Eguzki-Begi inguruan eta Azitaingo geltokiaren inguruan) hainbat neurketa egin dituzte eta, ondorioztatu dutenez, zarata gehien gauez egoten da, salgaien trenek eraginda.

Hala ere, proiektuaren eraginpean dauden eraikin guztietan Kalitate Akustikoaren Helburuak (KEB) betetzen direla nabarmendu zuten, estaldura-lanak amaitu ondoren ere beteko direla gaineratuta: “Azterketaren emaitzek erakusten baitute pasealekua eraikitzeko proiektuaren eraginak onura akustikoa dakarrela, bai pasealekuaren plataformaren pantaila-efektuagatik, bai alboko hesiengatik. Azken hori bereziki eraginkorra trenbide-kotaren azpian geratzen diren fatxadetarako”.