Hasi dira Ibarkurutze inguruan hornikuntza-sarea berritzeko lanak

Hasi dira Ibarkurutze inguruan hornikuntza-sarea berritzeko lanak
2021/06/08 eta kitto!
Edateko uraren horniketa-sarea berritzeko lanak hasi dituzte Ibakurutze kaleko 3, 5 eta 7 zenbakien aurrean. Errebal inguruko eta Ibarkurutze-Arikitxaneko bidegurutzeko urbanizazio-lanak hedatzeko proiektuaren parrte diren lan hauetan, besteak beste, 40 bat metro dauzkan fibrozementuzko hodia kendu eta horren ordez fundizioko bat jarriko dute.

Udaletik jakinarazi dutenez, “gauzatzen ari den proiektuak hodi hori aintzat hartzen zuenez, beharrezko protokolo guztiak aurreikusi ziren elementua erretiratzean, halako lanetarako ezarrita dauden osasun- eta segurtasun-parametro guztiak betez egiteko. Horregatik, material horiek manipulatzeko lanak espezializatutako langileek egingo dituzte, eta beharrezkoak diren ekipo eta jantziak izango dituzte”.

Bestalde, hodiak aldatzeko hainbat egun beharko badituzte ere, ez da ur-hornikuntzan etenik egingo, lanean diharduten bitartean “bypass” bat egingo dute eta.

Errebal inguruko urbanizazioa Ibarkurutze eta Arikitxaneko Zubiko bidegurutzeraino hedatzeko lanak maiatzaren 10ean hasi ziren eta honako obra hauek jasotzen dituzte: espaloiak eta galtzada birzolatzea eta hobetzea, bai eta saneamendu eta hornidura-sareak berritzea ere. Lanen kostua 133.652 eurokoa da eta iraupena bi hilabete ingurukoa eta honekin amaituko dituzte Errebal ingurua berrurbanizatzeko obrak.