Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorrari ekarpenak egiteko inkesta bete daiteke online

Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorrari ekarpenak egiteko inkesta bete daiteke online
2021/07/27 eta kitto!
Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspena egiteko https://planorokorra-eibar.eus/eu webgunea sortu du Udalak eta herritarrek bertan izango dute beraien ekarpenak egiteko aukera, asmo horrekin prestatu duten inkesta (https://planorokorra-eibar.eus/eu/galdetegia) beteta. Interesa dutenek iritzia eman ahalko dute hainbat alderdiri buruz: lurraldearen babesa, espazio publikoa eta ekipamenduak, kultur ondarea, jasangarritasuna eta klima-aldaketa, jarduera ekonomikoa eta biztanleria eta etxebizitza. Galdetegia betetzeko urriaren 3ra arteko epea dago.

Gaur goizean emandako prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak azaldu duenez, Eibarko Udalak iaz erabaki zuen Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorra berrikusteko prozesuari ekitea eta, aldi berean, herritarren parte hartze programa bat onartu zen, “eraginkortasunez proiektuari forma emateko”.

Ondorioz, eta HAPOren berrikuspena formulatzeko espedienteari ekiteko Gobernu Batzarrak 2020ko uztailaren 24ko erabakia hartu eta herritarren parte hartze programa onartu eta gero, Eibarko Udalak TRION Planes y Servicios SLP enpresaren zerbitzuak kontratatu zituen, Planaren berrikuspen dokumentuaren aurrerapena idazteko.

Bost fase nagusi

HAPOren berrikuspen prozesuak bost fase nagusi ditu: hirigintza informazioa eta diagnostikoa; irizpide eta helburu orokorren formulazioa; hasierako onarpena; behin-behineko onarpena; eta, azkenik, behin betiko onarpenaren fasea.

Alkatearen berbetan, “informazioa batu eta diagnostikoa egiteko lehen fasea orain dela urtebete baino gehiago amaitu eta gero, bigarren fasean gabiltza gaur egun, non aurrerapen-dokumentu bat lantzen ari garen, diagnostikoan antzemandako premia eta arazoei erantzunak bilduko dituena, irizpide eta helburu orokorrak formulatuz eta irtenbide posibleak bilatuz”.

Plan Orokorraren Aurrerapen fasean, erredakzio-taldeak duela hilabete batzuk helarazi zizkion Udalari bere ustez dokumentuan jaso beharko liratekeen proposamenak, hiriaren egoera aztertu ondoren. Era berean, Udaleko alderdi politikoek euren ekarpenak egin dituzte dagoeneko.

Gainera, TRION enpresak bilera sektorialak egin ditu gizarte-eragileekin eta Eibarko herritarren ordezkariekin, hainbat alderdi aztertzeko, hala nola ingurumena, eraikinak eta auzoak birgaitzeko premiak, edo espazio libreak, besteak beste, HAPOren Aurrerapen fasea elikatuko duen informazioa bilduz.

Horrekin batera, aurrerapen fasearen azken jarduera herritarrei inkesta bat egitea da eta, horretarako, Udalaren web orritik zuzenean sarbidea duen galdetegia prestatu dute. Eibartar guztiek daukate betetzeko aukera eta bakoitzak bere intereseko gaiei buruz iritzia eman dezake, horretarako bereizi dituzten sei ataletako galderei erantzunez. Gutxi gorabehera atal bakoitzari erantzuteko behar den denbora hiru minutukoa da. Bildutako informazioa proiektuaren ekipo teknikoak kudeatuko du, eta haren emaitzak Aurrerapenaren dokumentuan sartuko dira.