Juan Gisasola eta Sostoatarren kaleetan ur- eta saneamendu-sareak konpontzen hasi dira

Juan Gisasola eta Sostoatarren kaleetan ur- eta saneamendu-sareak konpontzen hasi dira
2021/07/05 eta kitto!
Gipuzkoako Urak Juan Gisasola eta Sostoatarren kaleetako ur- eta saneamendu-sareak konpontzen hasi da gaur, fibrozementuzko hodi zaharrak kenduz eta fundizioko hodi berriak jarriz. Lanak bost hilabetez luzatuko dira, baina edateko uraren hornidura eta oinezkoen eta ibilgailuen igarobidea bermatuta egongo da.

Lanak hiru fasetan egingo dira. Lehenengoan, gaurtik hasita eta uztailean zehar, Ubitxako bihurguneko ur-beltzen sarean egingo dute lan. Bigarren fasean, abuztuan zehar, Juan Gisasola eta Sostoatarren kaleetako 20. eta 2. zenbakietan, hurrenez hurren, ur-sarearen lanak hasiko dira. Eta hirugarren fasean, Sostoatarren kaleko 10. zenbakiaren eta San Pio X elizaren arteko zatian sareak berrituko dira.

Edateko uraren sarea berritzeko, beharrezkoa izango da ur-horniduraren mozketa puntualak egitea. Gipuzkoako Urakek mozketa horren berri emango die bizilagunei, ohiko prozeduren bitartez. Nolanahi ere, une oro bermatuko da uraren hornidura etxebizitzetara eta lokaletara.

Obrek, gainera, hainbat eragin eta aldaketa ekarriko dituzte oinezkoen eta ibilgailuen joan-etorrietan, nahiz eta uneoro bermatuko den ordezko pasabideak egongo direla. Dena dela, espaloietatik edo galtzadatik igarotzean egin beharreko aldaketa guztiak behar bezala jakinarazi eta seinaleztatuko dira.