Julian Etxeberria kalearen inguruan aldaketak egingo dira Eibarren, berrurbanizatu eta hobetzeko asmoz

Julian Etxeberria kalearen inguruan aldaketak egingo dira Eibarren, berrurbanizatu eta hobetzeko asmoz
2021/01/13 eta kitto!
Eibarko Udalak ibilgailuen zirkulazioaren noranzkoa aldatzea aurreikusten duen proiektua jarri du abian. Asmoa Julian Etxeberria kalea berrurbanizatzea eta haren inguru osoa modernizatzea eta hobetzea da. 

Gauzak horrela, aipatutako kale horretan eta San Agustin zeharbidean ibilgailuen zirkulazioaren noranzkoa aldatuko da. Gainera, Toribio Etxeberriako anbulatorioaren ingurua ere, parkea bera barne, ahalik eta ondoen aprobetxatzeko ahalegina egingo dute.

Udal proiektu berri honek hainbat helburu ditu:

Batetik, Julian Etxeberria kalea modernizatu nahi du, gaur egun abian dagoen Errebal kalea berrurbanizatzeko obretan erabiltzen ari diren irizpide estetikoen antzekoak jarraituz. Era berean, dauden espaloien azalera handitu nahi da, eta horrekin batera, argiteria, edateko ura, eta euri-uren sareak berritu.

Bestetik, hiriko erdiguneko ibilgailuen trafikoa berrantolatu nahi du. Horrela, Julian Etxeberria kaleko eta San Agustin zaharkaleko trafikoaren noranzkoa aldatuko da, eta dagozkion egokitzapenak egingo dira seinaleztapenean, trazaduran eta bestelakoetan.

Gainera, Errebal kaletik zirkulatzen duten ibilgailuek, Donostiarako norabidea hartu nahi badute, ezkerrera biratu ahal izango dute egungo Aldapatxo parkearen aurrean, Julian Etxeberria igoz eta Bidebarrieta kalera abiatuz. Halaber, Bidebarrieta kaletik doazen ibilgailuek ezkerrera biratu ahal izango dute San Agustin zeharbidetik Errebal kalera joateko. Gaur egun, Bilboko noranzkoan doan ibilgailuen zirkulazioak Eibar erdigunea zeharkatzen du Errebal eta San Juan kaleetatik; Donostiarako noranzkoan, berriz, Plaza Barria eta Bidebarrieta zeharkatzen ditu. Bi ardatz horiek San Agustin, Julian Etxeberria eta Zuloagatarren kaleek lotzen dituzte zeharka.

julianwebgune

Azkenik, Udalak alternatiben azterketa bat egin nahi du, Toribio Etxebarriako anbulatorioaren ingurua berrantolatzeko; dagoen espazioa ahalik eta ondoen aprobetxatzeko eta, ahal den neurrian, anbulatorioko egungo parkea handitzeko eta hiriaren erdigunean dagoen aisialdirako gune bihurtzeko.

Udalak 54.450 euroko proiektua idatzi zuen abenduan, eta, gaur egun, Eibarko Udaleko Obra Saila aurkeztutako 5 eskaintzak aztertzen ari da. Behin idazketa esleituta, proiektua entregatzeko epea 11 astekoa izango da.