Torrekuako anbulatorioaren eraikina jubilatuen etxe bilakatuko dute

Torrekuako anbulatorioaren eraikina jubilatuen etxe bilakatuko dute
2022/11/15 eta kitto!
Torrekuako anbulatorio zaharra jubilatu etxe bihurtzeko prozesua hasi du Udalak. Hala eman dute jakitera gaur goizean Jon Iraola alkateak eta Alberto Albistegui Obretako zinegotziak prentsaurrekoan. Aurreratu dutenez, egitasmoaren bidez eraikinari erabilera sozial eta ludikoa eman nahi zaio, horrela eskatu baitute herritarrek behin baino gehiagotan, auzoetako bileretan zein bestelako bideetatik.

Azaldu dutenez, Eibarko Udalak dagoeneko badu aurreproiektu bat, Amaña auzorako Torrekuako osasun-zentro zaharraren eraikinean egingo den jubilatu-etxearen ezaugarriak zehazten dituena. Ezertan hasi baino lehen eraikina birgaitu egingo da, dena dela. Dokumentu honekin Udala datorren urtean behin betiko proiektuaren idazketa lizitaziora ateratzeko moduan egongo dela gaineratu dute.

Aurreproiektuan jasota dagoenari jarraituta, eraikinaren beheko solairuan jubilatu-etxe bat egingo da, baina ez da zehaztu zer helburu izango duten higiezinaren gainerako instalazioek. Une honetan, Udalaren lagapen bidez, behin-behinean dago Eibar-Ermua Gurutze Gorria eraikinean, eta bertan eduki sozialeko hainbat programa egiten ari da.

Aurreproiektuak aurreikusten duenez, lehenengo fasean eraberritze-lanak egingo dira: higiezinaren inguratzailearen birgaitze energetikoa egingo da, eta, hala, eraikinaren portaera energetikoa hobetu egingo da. Eraberritze-lanak fatxadan eta estalkian egingo dira, eta zoru erradiatzailea girotzeko eta berotzeko instalazio berriak ezarriko dira.

Ondoren, barne-eraberritzea egingo da, beheko solairuan jubilatu-etxea hartzeko: komunikazio bertikala eta prestakuntza-gelak birgaituko dira, bai eta bulegoak ere, eta, aldi berean, beste espazio batzuk sortuko dira, hala nola kafetegirako gune bat.

Eraikina birgaitzeko jarduketari ekiteko eta jubilatu-etxea sortzeko, Udalak dirulaguntza bat eskatu du Toki Erakundeen Eraikin Publikoak Birgaitzeko Sustapen Proiektuen esparruan, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan.

Bestalde, proiektu hau Udal Gobernuak Amaña auzorako dituen beste epe laburreko ekintza plan batzuei gehitu behar zaie, hala nola auzoari zerbitzua emango dion zentro sozial bat sortzea, Ziriako Agirre eta Bustinduitarren kaleen irisgarritasuna hobetzea eta Asola-Igartzan aparkaleku-plaza berriak sortzea (aurki jarriko dira salgai).