Trenbidearen beharrek trafiko aldaketa garrantzitsuak eragin dituzte Torrekuan

Trenbidearen beharrek trafiko aldaketa garrantzitsuak eragin dituzte Torrekuan
2012/11/22 eta kitto!

Amaña-Ardantza tartean trenbidea bikoiztu eta estaltzeko beharrak direla eta, trafikoan zein oinezkoendako ibilbideetan aldaketa garrantzitsuak daude martitzenaz geroztik. Udalak aditzera emon duenez, beharrek urte bi iraungo dute eta zatika egiten joango dira. Torrekua-Amaña ingurua goitik behera itxuraldatu eta Legarre kalea birrurbanizatuko dutenez, lanek eragin handia izango dute trafikoan, besteak beste hainbat egitura (scalextic-a, barianteko hanka, San Andres Pasealekutik Amañara doan sarbidea) eraitsi beharko dituztelako.
Une honetan scalextric-a Torrekuarekin lotzen duen hanka eta baita Amañarekin elkartzen duena ere eraisteko beharrei ekin diete eta, horregatik, aurrerantzean ezin izango da scalextric-aren azpitik pasatu. Bizkaiko norantzan doazen ibilgailuak Barrenenguatik gora joan beharko dira, Otaola Hiribidera ailegatzeko; Ertzainetxetik Eroskiraino kontrako norantzan joango dira eta Torrekua-Otaola bialetik jaitsita, berriz ere Torrekuara irtengo dira. Horretarako bialaren oirain arteko norantza aldatu dute (beharrak amaitu arte beheranzko norantzan erabiliko da). Ertzainetxeko atzeko aldetik jaitsi eta Bizkaia aldera joan nahi duenak, berriz, Markeskua parean (lehengo Kantoiko bidegurutzean) ezkerretara buelta egiteko aukera izango du. Eta gidariek Amaña auzora sartzeko aukera bi daukate: San Andres Pasealekua edo bariantea.
Beharrek autobusei ere eragingo die: EuskoTrenek eskaintzen duen Ondarroa-Mallabia linean, Torrekuan anbulategi pareko geralekua desagertu egin da eta Udalbusa ez da gehiago geratuko Legarre Behea, Z. Agirre eta W. Orbeako geralekuetan.