Amaña auzoko Ziriako Agirre eta Bustinduitarren kaleetako pegoren irisgarritasuna hobetuko dute

Amaña auzoko Ziriako Agirre eta Bustinduitarren kaleetako pegoren irisgarritasuna hobetuko dute
2021/06/09 eta kitto!
Amaña auzoko Ziriako Agirre kalea berriz urbanizatzeko proiektua egingo da, 1., 3. eta 5. zenbakiei dagokien aldean, pegoren irisgarritasuna hobetzeko eta haien sarbidea inguruko lokaletatik bereizteko, pegoretara arrapalen bidez sartu ahal izateko. Eibarko Udaleko Obra Batzordean aste honetan bertan aurkeztu den proiektu bat da eta, aurreikuspenen arabera, lanak 2022an hasiko dira egiten.

Jarduketa honen bidez, 234.000 euro inguruko aurrekontua izango duena, gaur egun pegoretara sartzeko dauden eskailera-mailak kentzea lortuko da. Horretarako, lokaletarako eta pegoretarako sarbide-plataforma desberdinak izango dira; modu horretan, lokalen erabilerak ez ditu kaltetutako eraikinetako pegoren sarbideak.



Ziriako Agirre kaleak 1. eta 5. atarien artean % 15eko malda duen kalea da, eta hango espaloiak zati bi ditu. Aurrenekoa, aldapan dagoen espaloi-zatia da, eta bigarrenak, eraikinen sarrera ondoan dagoenak, eskailerak eta plataforma inklinatuak ditu. Azalera osoa 430 metro karratukoa da.

Gaur egun baranda batek bereizten ditu hango aldaparen, plataformen eta eskaileren artean sortzen diren eremuak.  Baranda horrek betekizun bi ditu: batetik, erorketetatik babestea eta, bestetik, pertsonei aldapan ibiltzen laguntzea. Gaur egun ez dago eskailerarik gabeko sarbiderik, kota gorenean dagoen lokalaren sarbidera izan ezik, hau da, 5 zenbakiaren etxabeko eskuinaldera.

Bustinduitarren kaleko 8. eta 18. zenbakien arteko jarduketa Ziriako Agirre kalearenaren oso antzekoa da, eta, aurreko kasuan bezala, haren helburua da adierazitako zenbakiei dagozkien pegoren irisgarritasuna hobetzea, aldapa handiko espaloi mailakatu batean baitaude guztiak. Proiektu hori urte honetako bigarren seihilekoan idatziko da.

Jarduketa horiek Udalak urtero egiten dituen auzo-bileretan kale horietako bizilagunek behin eta berriz egindako eskaerei erantzuten diete.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “jarduera hauekin, inguru honetako bizilagunek sarri eskatu duten eskaera bati erantzuten diogu, alegia, pegoretako sarbideak hobetzea eta irisgarritasuna erraztea. Eibarko Udalean bizi-kalitatea hobetzeko jarduerak egiten ari gara, etxebizitzetarako sarbideak hobetuz. Alde horretatik, igogailuak jarri eta ordezkatzeko obrak egin nahi dituzten bizilagun-komunitateei ematen dizkiegun laguntzak azpimarratu nahi nituzke, laguntza horien onuradun diren eibartarren balorazio ona jasotzen duten laguntzak.”