Itzuliak trafikoari eragingo dio gaur eta bihar

Itzuliak trafikoari eragingo dio gaur eta bihar
2016/04/08 eta kitto!
Euskal Herriko Itzuliak aldaketa handiak eragingo ditu gure herriko trafikoan gaur eta batez ere bihar. Gaur Itzuliaren 5. etapa Arraten amaituko dela eta, ezin izango da aparkatu Legarre eta Arrate Bide kaleetan, Ego-Gainen, Untzagan (Pegora parean) eta arratsaldean ezin izango da automobilik laga Azitaingo poligonoan, txirrindulari taldeen autobusak han lagako dituztelako. Karrera hirutan pasatuko da gaur Eibartik: 14:30ak aldera, Azitainetik sartuko da eta, Untzagan buelta eman eta jarraian, Elgetarantz abiatuko da; 16:05 inguruan, Azitainen saihesbidea hartuko du eta, Matsarian irten eta gero, txirrindulariek Usartzako gaina igoko dute; eta 16:45ak inguruan Azitainetik sartuko dira, herria zeharkatu ondoren Arratera igotzeko.
Bihar azken etapa
Aurten lasterketako azken etapa, 16'5 kilometroko erlojupekoa, Eibarren jokatuko da bihar: txirrindulariak Urkizutik abiatuko dira, Azitainetik Arrate igo eta, berriz ere Eibarrera jaitsi eta gero, Ziriako Agirre eta Karlos Elgezua kaleetatik saihesbidea hartu, Estaziñotik irten eta Toribio Etxebarriara joango dira, han helmugaratzeko.
Hori dela eta, erdigunea 12:00etan itxiko dute trafikoarendako (ordurako automobilak kendu beharko dira). Horrekin batera, ezin izango da toki hauetan aparkatu: Urkizun (alde bietan); Karmen kalean (Fausto taberna parean); Barakaldon (1-7); Txontan (1-4-6-8 eta 14tik 22ra); Bittor Sarasketan (Fiat egon zen tokitik Matsariraino (poligono osoa barne); Karlos Elgezuan (6. zenbakitik saihesbideraino); Errebalen (karga eta deskargarako tokian); eta Julian Etxeberrian (5-7 eta 2-4-6).
Horrekin batera, lasterketa jokatzen den bitartean, 13:00etik 18:00etara, kale hauek trafikoarendako itxita egongo dira: Abontza-bide, Aldatze, Amaña, Arane, Ardantza, Arikitxaneko zubia, Arragueta, Arrate-bide, Asua-Erreka, Azitain-bide, Barakaldo, Barrena, Barrenengua, Bidebarrieta, Bittor Sarasketa, Blas Etxeberria, Eguzki-begi, Errebal, Estaziño, Fermin Calbetón, Gisastu-bide, Ibargain, Ibarkurutze plaza, Iparragirre, Jardiñeta, Julian Etxeberria, Karlos Elgezua, Karmen, Legarre, Legarre-gain, Matxaria, Mekola, Merkatu, Milaflores, Murrategi, Muzategi, Pagaegi, Paseo de Galicia, Plaza Barria, San Agustin zeharra, San Juan, Saratsuegi, Tiburzio Anitua (1-3), Toribio Etxebarria, Txonta, Urkizu, Urtzaile, Wenzeslao Orbea, Ziriako Agirre, Zuloaga-tarren eta bariantea eta Azitaingo poligonoa ere itxita egongo dira. Eta, horrekin batera, antolakuntzaren premiei erantzuteko, Untzagako jubilatu etxeak jendearendako ateak itxita izango ditu gaur eta bihar.