24. bertso-afaria bihar Kantabria jatetxean Arrate eguneko bezpean

24. bertso-afaria bihar Kantabria jatetxean Arrate eguneko bezpean
2016/09/06 eta kitto!
1993urtean Juan Mari Narbaiza eibartarrak Angel Mari Peñagarikano, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña izan zituen lagun ...eta kitto!-k antolatutako lehenengo Arrateko bezperako bertso-afarian. Datorren urtean, beraz, mende laurdena beteko du ekitaldiak. Baina horren bezperakoa dugu bihar gabekoa, oraingoan ere Lizaso-Egaña tandem-arekin: ohiko bikoteak Maialen Lujanbio gaur egungo Euskal Herriko azpitxapelduna eta gurean debutatuko duen Agin Laburu Astigarragako bertsolaria izango ditu mahai-kide. Gai-jartzailea, bigarrenez, iaz lan horretan estreinatu zen Jon Mikel Mujika eibartarra izango da, orduan berak egindako lanak Kantabrian bildutako guztien oniritzia jaso eta gero.
Bertso-afariaren prezioa ere ez da aldatu (32 euro) eta, gutxi geratzen badira ere, azken txartelak salgai daude oraindik, batez ere Kantabria jatetxean bertan. Gutxi batzuk geratzen dira Sagar-Bitza eta Kultu tabernetan ere. Betiko moduan, biharko afaria gaueko 21:00etan hasiko da eta, sabela ondo bete eta gero, bertso onenekin gozatzeko ordua helduko da, “segidillak eta halakuak sortutako umore onean beti ere”. Lagun izango dituen beste hirurak bezain ezaguna ez bada ere, Laburu gero eta plaza gehiago dabil egiten eta txapelketetan ere urrats haundiagoak dihardu betetzen. Holan, Gipuzkoako iazko txapelketan hirugarrena geratu zen, Beñat Gaztelumendi eta Alaia Martinen atzetik, eta Euskal Herrikoan ere azken faseetara heldutakoa dugu.
Oin arteko 23 jaialdietatik, Lizaso 20tan izan da (oraingoa 21.ena izango da) eta Egañak bat gutxiago dauka. Bikote horren atzetik dago Gregorio Larrañaga “Mañukorta” (10 urtetan jarraian izan zen Kantabrian) eta gero Maialen Lujanbio (aurten zortzigarrenez), Amets Arzallus eta Peñagarikano (bost bider) eta Sustrai Colina (lautan) daude.