72 postu San Andres Azokan

72 postu San Andres Azokan
2012/11/29 eta kitto!

Hiru izango dira, bestalde, azoka horretan parte hartuko duten eibartarrak, hirurak ere gure ordezkari izan direnak azken urteotan: Enrike Gisasola, Aitor Gisasola eta Mari Tere Mugarza. Ganadu erakusketan, bestalde, hor ordezkaritza zabalagoa izango dute baserritarrek: Sumendixa Goikuak, Sumendixa Bekuak, Agarrek, Aritxuluetak, Untzetak, Mandiolak eta Loixolak eramango dituzte
euren abereak Eibar erdiraino.
Azokako 72 postuak honela banatzen dira: 28k gazta eskainiko dute, 18k ogia salduko, 13k barazkiak, seik eztia, lauk frutak, bik loreak eta bakarra izango da txakolina jarriko duena gure eskura.
“Amama ere izaten zen”
Horrela gogoratzen du Enrike Gisasolak bere amama Josefina “Sosolakoak” hainbat urtetan azokan izandako presentzia: “Urteak izan dira eibartar bakarrak izaten ginela azokan”. Azken urteetakoari jarraituz, “ogia eta gazta eramango dugu aurten. Lehen denetik eramaten genuen, baina pasa dira sasoi haiek”. Bi ekoizpen horietara mugatuta ere, sariak ez zaizkie arrotz: “Eibarko bakarrak izanda, herriko saria irabaztea ez da zaila”, dio Enrikek txantxetan. Baina ez da bera sariak jasotzeko irrikitan egoten den horietakoa: “Noizbaiten errieta ere egin didate jaso ez dudalako. Aukeran, sariak baino hobeto ikusten dut nik dietak ipintzea”.
Azokaren bezperan, aurreko egunetan “gaztaiak garbitu eta ogi gehiago egiten” emango dituzte Sosolan. “Gureak ez du postua dotoretzea eskatzen, barazkien kasuan moduan”. Jendeak erosten duen galdetuta, Eibarrek duen ospe ona aipatzen digu Enrikek: “Azoka askotara jendea ikustera joaten den moduan, gurean dirua gastatzen dela esaten da, hemen moduko gutxi daudela. Egia esan, ez dugu krisiaren eraginik nabaritu”. Eibarko baserritar gehiago egoteko ahalegina egin beharko zela uste du, “azokak kalea girotzen duelako eta tabernei-eta mesede egiten”.
Bost urtetan martxa hartuta
Aitor Gisasolak bost urte daramatza azokan parte hartzen. Aurten ere han izango da, “azelgak, porruak, borrajak, eskarolak, letxugak, azak, brokoliak... jendeari eskaintzen”. Barruko produktuak ere eramango dituzte: kalabazak, patatak, tipulak. Egunero izaten da bere ama Francisca Merkatu Plazan, euren baserriko produktuak saltzen, eta 30ekoa egun berezia da eurentzat: “Pare bat egun lehenago hasten gara barazkiak prestatzen”. Iaz, Eibarko onena izateaz gain, “erakusmahaietan bigarrenak izan ginen” dio Aitorrek. Zeozer eskatzekotan, “aterpe gehiago akaso”, dio berak. Ondo ikusten ditu aurten egindako aldaketak, “Epaitegi inguruan baino, jende gehiago ibiliko delako Untzagan; jendeari gauzak gerturatzea ondo dago”. Eguraldiarekin dago kezkatuta: “Uste dut txarra iragarri dutela datorren asterako, baina hori ez dago gure esku”. Prest dago, dena dela, goizeko 06.00etan jaiki eta arratsaldeko 14.30ak arte beharrean jarduteko. Produktu freskoenekin!