Amaña, eztanda egiteko prest

Amaña, eztanda egiteko prest
2013/07/05 eta kitto!

Aurreko asteko barixakuan aurkeztu zute Amañako jai egitaraua Jose Antonio Alberdi Gomak eta jai batzordeko beste kideek, babesle eta udaleko ordezkariek lagunduta, ekitaldira gerturatu ziren gonbidatu mordoaren aurrean. Krisi ekonomikoaren gainetik, berriz ere ekitaldiz betetako programa osatzea lortu dute antolatzaileek. Gainera, aurkezpen ekitaldian omenaldientzat tartea ere hartu zuten, hainbat oroigarri banatuta: Mateo Guilabert kazetariari, Kalamua judo taldeko Manu Agirreri eta aurten jaietako txupinazoa botatzeko gonbidatu duten Kezka dantza taldeko Oier Araolazari plaka bana eman zieten. Horrekin batera, urteetan EIbar Rugbi Taldea zuzentzen ibili den Jon Egigureni oroigarria eta erlojua oparitu zioten. Eta Eibar Kirol Elkarteko Jaime Barriuso zenaren alargun, arreba eta seme-alabei haren erretratu bana eskaini zieten, Amañako Jaien izenean. Jaiak gaur hasiko dira 19.00etan txupinazoa botatzean eta, betiko lez, gauerako kontzertu-kartela benetan erakargarria izango da EH Sukarra, Lendakaris Muertos eta Vendetta taldeak bata bestearen atzetik taula gainera igota.
Txupinazoa, Kezka Dantza Taldearen izenean Iñaki Barua eta Andoni Altzibar txistulariek botako dute, Oier Araolazak azaldu zuen moduan, "biak betidanik egon direlako Kezkan eta txistulari barik dantzarik ez litzatekeelako egongo". Txupinazoaren ondoren kalejira hasiko da Ermuko Irulitxa txarangarekin eta 19.30etan Kezka Dantza Taldeak saioa eskainiko du Amañako plazan. 20.15etan umeendako jokoak eta entzierro txikia ailegatuko dira Gorritirekin eta orduan hasiko da kalez-kaleko kontzertua, elektro-txarangarekin. Kontzertua, berriz, 23.30etan hasiko da.
Herri bazkari solidarioa
Bihar zapatua 11.30etan ekingo diote egitarauari El Corte Ingles Maskoten III. Lehiaketarekin, 3. solairuko terrazan. Ondoren umeendako Aire Libreko pintura lehiaketa hasiko da, Amañako plazan eta jarraian marrazki guztiak ikusgai ipiniko dira plazan. Herri-bazkarian paella solidarioa egingo dute eta jasotako dirua Irati Pérez Amañako neskatilak duen gaixotasunaren ikerkuntzarako emango diote Biziminari. Horrekin batera omenaldia egingo diote Antonia Olave, Gerardo Andraderen alargunari. Arratsaldean jarraituko dute jaiarekin: 16.30etatik 19.30etara umeendako parkea egongo da martxan: besteak beste gaztelu puzgarria, zezen mekanikoa eta espumaren jaia egingo dira, Kukulak taldearekin. Arratsalde bete-betea izango da: Amaña-Urko-Amaña herri-krosa, pintxo-potea, Nafarroako jotak Raíces Navarras taldearekin, umeendako txokolate-jana eta entzierro txikia egingo dira. Eta gauean 23.00etan helduen danborrada hasiko da, Ermuko Irulitxa txarangarekin.  Bidean danborrada Artetxa, Gautxori eta El Caserio tabernen parean geldituko da, suzko erroberekin hasteko (23.50etan, Pirotecnia Zaragozanarekin). Ondoren danborradak jarraituko du, Amañako plazaraino eta Kezka Dantza Taldeari omenaldia egingo diote. Eta horiek guztiak amaituta, 00.45etan berbena hasiko da, Ingenio Nafarroako orkestrarekin.
Eta domekan atzera ere goizetik hasiko dira jarduerak: meza, salda eta txorizoa, umeen danborrada, lorontzi lehiaketa, umeendako txokolate-jana, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoen ikuskizuna, Zurrumurru taldearen “Arkakusoaren zirkoa” antzezlana, txorizo-jana eta Golden Apple Quartet laukote ospetsuaren emanaldia egingo dira, jaia agurtu aurretik. Baina bakarrik asteburu honetarako agurra izango da, hurrengoan ere jaiak jarraituko du-eta: datorren barixakuan jubilatuendako bazkaria egingo da Iruki sagardotegian eta gauean bertso-afaria, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña bertsolariekin, Caserio jatetxean. Eta azken ekitaldia hilaren 14an izango da, 11.00etan Goruntz abesbatzarekin meza eginda El Salvador Amañako elizan. Egitarau osoa jarraian:


Barixakua 5


19.00.- Txupinazoa: Iñaki Barua eta Andoni Altzibar (Kezka Dantza Taldea). Kalejira, Ermuko Irulitxa txarangarekin. 19.30.- Dantzak, Kezka Dantza Taldearekin. Amañako plazan. 20.15.- Umeendako jokoak, Gorritirekin. 20.15 / 23.30.- Kalez-kaleko kontzertua, elektro-txarangarekin. 21.15.- Entzierro txikia. 23.30.- Kontzertua: EH Sukarra, Lendakaris Muertos eta Vendetta.


Zapatua 6


11.30.- El Corte Inglés Maskoten III. Lehiaketa (3. solairuko terrazan). 12.15.- Umeendako Aire Libreko pintura, Amañako plazan. 14.30.- Herri-bazkaria: Paella solidarioa, Irati Pérez Amañako neskatilaren gaixotasunaren ikerkuntzan laguntzeko. Omenaldia Antonia Olaveri, Gerardo Andraderen alargunari. 16.30 / 19.30.- Umeendako parkea: gaztelu puzgarria, zezen mekanikoa eta espumaren jaia, Kukulak taldearekin. 18.00.- Amaña-Urko-Amaña herri-krosaren irteera. 19.30.- Pintxo-potea, hirugihar pintxoekin. 20.00.- Nafarroako jotak, “Raíces Navarras” taldearekin. 20.00.- Umeendako txokolate-jana, gailetekin. 21.15.- Entzierro txikia. 23.00.- Helduen danborrada, Ermuko Irulitxa txarangarekin. Danborrada Artetxa, Gautxori eta El Caserío tabernen parean geldituko da su artifizialekin hasteko. 23.50.- Su artifizialak, Pirotecnia Zaragozanarekin. 00.00.- Danborradak jarraituko du Amañako plazaraino. Omenaldia Kezka Dantza Taldeari. 00.45.- Berbena, Ingenio Nafarroako orkestrarekin.


Domeka 7


Amañako Jaiak
11.00.- Auzoan hildakoen eta eibartar guztien aldeko meza, Amañako parrokian. 12.00.- Salda eta txorizoa bildutako guztientzat, Amañako plazan. 12.30.- Umeen danborrada, dorreetatik Amañako plazaraino, Ermuko Irulitxa txarangak lagunduta. Amaieran, ogitartekoak eta freskagarriak parte-hartzaile guztientzat. 13.30.- Lorontzi lehiaketa, Amañako plazan. 17.30.- Umeendako txokolate-jana, gailetekin. 18.00.- Pirritx, Porrotx eta Mari Motots pailazoen ikuskizuna. 19.00.- Kale-antzerkia, Zurru Murru taldearen “Arkakusoaren zirkoa” lanarekin. 19.00.- Txorizo-jana, txorizo ogitarteko eta edariekin. 20.15.- Golden Apple Quartet laukote ospetsuaren emanaldia. 22.00.- Jaien amaiera.