Amañako Jai Batzordeak eskerrak emango dizkio herriari asteburuan

Amañako Jai Batzordeak eskerrak emango dizkio herriari asteburuan
2018/09/27 eta kitto!
Amañako jaiek 40 urte bete dituzte aurten eta Amañako Jai Batzordeak eskerrak eman nahi dizkio Eibarko herriari urte guzti hauetan emandako laguntzarengatik. Horretarako, ekintzaz beteriko asteburua prestatu du Untzagan, bihartik hasita, eta Raimundo Amador musikaria izango da egitasmo honetan parte hartuko duen izar nagusia. Flamenkoa, rocka, bluesa eta beste hainbat estilo maisuki uztartzen ditu Sevillako artistak eta Camaron, Kiko Veneno eta B.B. King bezalako musikariekin jo du, bere bakarkako ibilbidea ere handia izan delarik. 23:30ean hasiko da bere kontzertua, baina aurretik egongo dena ez da gutxiago izango.

19:00etan txosnak irekiko dira (ogitartekoak eta pintxoak egongo dira) eta 19:30ean 200 txorixo banatuko dira doan. Indarrak ondo hartu beharko dira, 20:00etan Mugi Panderoak Untzaga dantzan jarriko duelako. Gero, Raimundo Amadorren txanda etorriko da.

Barixakuko gau handia eta gero indarrak berreskuratzeko, zapatuan herri-bazkari solidarioa egingo da 14:30ean, ‘Alas para Aroa’-k antolatuta ‘Amaña es la Caña’-rekin elkarlanean. Umeek arratsalde polita pasatzeko aukera izango dute, 16:00etan gaztelu puzgarriak egongo direlako eta 19:30etan txokolate-jana egingo delako. Nagusientzat, bestetik, 19:00etan bertso-potea egingo da, Parrapas erromeria taldeak dantzaldia eskainiko du 20:30etik 22:30era eta 23:00etan Stai Zittok kontzertua eskainiko du. Ermuko musika taldeak arrakasta handia izan du azken urteotan eta erritmo biziak ekarriko ditu Untzagara.