Aratosteen inguruko hainbat lehiaketa martxan

Aratosteen inguruko hainbat lehiaketa martxan
2012/02/02 00:00
eta kitto!

Aurreko astean aukeratu zuten Aratosteetarako kartela, baina oraindik ere Aratosteekin lotutako hainbat lehiaketatan parte hartzeko aukera badago. Aratosteetan dotoreen jarritako taberna aukeratzeko lehiaketan parte hartzeko azken eguna otsailaren 16a izango da (Pegoran) eta epaimahaiko kideak, berriz, hurrengo egunean, hilaren 17an pasatuko dira izena eman duten tabernak ikustera, ondoren dotoreena aukeratzeko. Bestalde, umeentzat Aratosteen inguruko marrazki lehiaketa antolatu dute Errebal, Ibarkurutze, Estaziño, Arragueta eta San Agustin kaleetako dendari eta tabernariek. Maila bi bereiziko dituzte, adinaren arabera: bat 8 urtera artekoentzat eta beste bat 9-14 urte bitartekoentzat, eta maila bakoitzeko irabazleari 100 euroko balioa duen erosketa-txartela emango diote. Marrazkiak otsailaren 13ra bitartean jasoko dituzte denda zein tabernetan eta entregatu diren tokian ikusgai egongo dira. Irabazleei saria, berriz, otsailaren 14an emango diete. Arrate Kultur Elkartekoek ere, urteroko moduan, Eguen Zuri argazki lehiaketa antolatu dute. Zaletu guztientzat zabalik izango den lehiaketarako gaia Aratosteak izango da eta lanak aurkezteko epea martxoaren 20an itxiko dute. Informazio gehiagorako 943202299 telefono zenbakira deitu edo arratekultu@gmail.com helbidera idatzi daiteke. Eta El Corte Inglés-ak 4 eta 12 urte bitarteko umeentzat koko-jantzi lehiaketa antolatu du hilaren 11rako: 18.00etan merkataritza zentruko aretoan hasiko den lehiaketan parte hartu nahi dutenek dendako beheko solairuan dagoen liburudendan eman beharko dute izena.