Aratosteetarako prestatu duten jai egitaraua aurkeztu dute

Aratosteetarako prestatu duten jai egitaraua aurkeztu dute
2023/02/03 eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute udaletxean aurtengo Aratosteetarako antolatu duten jai-egitaraua, jaiak iragartzeko aukeratu duten kartelarekin batera: Bartzelonako Abel Floridok aurkeztutako “Por fin llegó la fiesta” izenburuko lanak irabazi du Kultura sailak antolatutako lehiaketa eta irabazleak 1.000 euroko sari eskuratu du.

Jon Iraola alkateak, Patxi Lejardi Kultura zinegotziak eta Asier López de Viñaspre teknikariak eman dute Aratosteetako jardueren berri. Esan dutenez, otsailaren 16tik (Eguen Zuri) 21era (Aratoste Martitzena) bitartean izango dira ospakizun gehienak: ikastetxeetako kalejirak, dantzaldiak eta erromeriak, koadrilen desfilea, kaldereroak, musika-emanaldiak eta umeentzako jolasak, besteak beste.

Aurretik, baina, otsailaren 11n, koko-dantzak ospatuko dira Kezka dantza taldekoen eskutik.: “Parte-hartzaileak Errebalen bilduko dira 8:30ean eta, ondoren, 9:00etatik 15:00etara, Gorosta eta Mandiola auzoetan ibiliko dira, baserriz baserri. Iluntzean, 19:00etatik aurrera, Kezka taldekoak, Errebaletik hasita,  Eibarko kaleetan zehar ibiliko dira, Mauxitxa txarangarekin batera. Zuloagatarren, Toribio Etxebarria, Untzaga, Calbeton eta Plaza Barria kaleetan ibili ondoren, 21:00etan, berriz, Errebalen, amaituko dute”. Kaleko kalejiran jendea dantzan egitera animatzeko asmoz, datorren astean dantzak irakasteko bi saio ireki egingo dituzte Errebal Plazan, astelehen eta eguenean, 19:30etan.

Otsailaren 16an, Eguen Zurian, Eibarko eskoletako taldeen kalejira izango da, 15:15ean hasita. Ondoren, 17:00etan, kalejira egingo da Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin, Urkizutik Untzagara. Gainera, Lisker taldearen eskutik, erromeria izango da 17:00etatik aurrera, Errebalen, eta 17:00etatik 19:00etara, makillaje- eta maskara-tailerrak egongo dira Errebalen, Astixa animazio-zerbitzuarekin.

Hurrengo egunean, Barixaku Erregularrean, kaldereroen kalejira egingo da: 20:00etan abiatuko da, Urkizun hasi eta Untzagaraino, eta bertan Eibarko talde hauek hartuko dute parte: Kezka Dantza Taldea, …eta kitto!, Txolarte, Ustekabe, Juan Bautista Musika Eskolako trikitilariak, Lagun Taldea, Untzagako Jubilatuen etxeko korua, Kaleetan Kantuz eta Jainagaren trikiti-eskolak. Eguna amaitzeko Aratosteetako pregoia irakurriko da, 20:30ean, Errebalen, ...eta kitto! Euskara Elkarteak eta Kezka Dantza Taldeak antolatuta.

Egun horretan bertan, otsailaren 17an, arratsaldez, ondoen apaindutako taberna-lehiaketarako izena eman duten establezimenduetatik pasatuko da epaimahaia. Lehiaketan parte hartzeko izen-emateak hilaren 17ra arte egin daitezke, esteka honetan: https://formularioak.eibar.eus/eu/ondoenapaindutakotaberna2023-01.

Zapatuko ospakizunak 12:30ean hasiko dira kaleko rock emanaldiekin Eibarko kaleetan zehar. Ordu berean, koadrilen desfilea hasiko da, Ustekabe fanfarreak lagunduta. Untzaga, Calbeton, Bidebarrieta, Julián Etxeberria eta Toribio Etxebarria kaleetan zehar ibiliko dira. Desfilean parte hartzeko izen-emateak otsailaren 16ra arte egin daitezke, Udalaren webgunean. Bestalde, 12:30etik 14:30era photocalla egongo da Untzaga plazan.

Arratsaldean, 18:00etan, koko-jantzi lehiaketa egingo da Galiziako Etxean. Era berean, 19:00etatik 21:00etara, umeentzako berbena izango da Errebalen, Luhartz taldearekin; 19:30ean, Errebal Plazia eraikinean, koadrilen desfilearen, kartel-lehiaketaren eta ondoen apaindutako tabernen sariak emango dira; 19:00etatik 21:00etara, photocall-saio berria izango da Errebalen; 19:00etan, kaleko animazioa, Rock Brass Band taldearekin; eta 23:00etatik 01:00etara, dantzaldia, Luhartz taldearekin.

Bestalde, Aratoste domekan, kalejira egingo da, 11:00etan, Usartza txistulari-bandarekin. Arratsaldean, 17:00etan, LHko bosgarren eta seigarren mailetako ikasleentzako playback-lehiaketa izango da, … eta kitto! Euskara Elkarteak antolatuta, eta 18:30ean Arno DJ-a arituko da Errebal Plazan.

Jaiak Aratoste Martitzenean amaituko dira, hilaren 21ean: umeentzako jolasak egingo dira 17:00etatik 18:30era Errebalen; sardina ‘txikiaren’ hileta, Jainagaren trikitilari-taldearekin lagunduta (18:30ean hasiko da); eta umeentzako diskoteka, Errebalen, Arima Cool Tourrekin, 19:00etan.