Asteburu osoan ospatuko dira "Dia das Letras Galegas" jaiak Urkizuko parkean

Asteburu osoan ospatuko dira "Dia das Letras Galegas" jaiak Urkizuko parkean
2023/05/09 eta kitto!
As Burgas Eibarko Galiziako Etxeak antolatuta, asteburu honetan ospatuko dira Dia das Letras Galegas jaiak, Urkizuko parkean, Francisco Fernandez del Riego idazlearen omenez. Barixakuan hasiko dira jaiak, 19:00etan Galiziako Jai Batzordearen taberna zabaltzearekin batera. Ordu horretan hasiko da gaita-poteoa, Os Galaicos taldearekin, baita umeendako pailazoen ikuskizuna, Lekim Animazioak taldearen eskutik. Gaueko 22:00etan, berriz, dantzaldia hasiko da, Suavecito orkestrarekin. Gauerdian etenaldi labur bat egingo dute, queimadarako, eta 00:30etik 01:30era berriz ere dantzaldia egongo da, Suavecito orkestrarekin.

Zapatuan, 11:30ean, neska-mutilentzat (8-12 urte) “chaves” jaurtiketa egingo da; 12:00etan, herri-kirolen txanda izango da, H2O-ren eskutik; 13:00ean igel-toka txapelketak hasiko dira, umeentzat (doan) eta helduentzat (izen-emateak euro bat balio du); 16:00etan hasiko da helduentzat “chaves” jaurtiketa (izen-emateak bi euro balio du); 18:30ean, dantza eta musika erakustaldia eskainiko dute Os Galaicos, Aire Andaluz eta Txindurri taldeek; 21:00etatik 22:00era, Euskelga taldeak kontzertua emango du; eta 22:30ean hasiko da gaueko dantzaldia, Salsarena taldearekin (00:30ean etenaldia egingo dute, queimadarako). Goizaldeko 02:00etan amaituko da musika.

Eta domekan goizetik hasiko dira jarduerak: 11:45ean Untzagatik Urkizura kalejiran joango dira Os Galaicos taldekoak eta Eibarko Trikitilariak. Jarraian dantza eta musika erakustaldia eskainiko dute, Kezka, Duguna, Eibarko Trikitilariak eta Os Galaicos taldeek; 14:00ean lore-eskaintza egingo dute, Castelaoren monumentuan; 16:30etik 18:30era, mahai-jokoak hasiko dira, Odisea elkartearen eskutik; eta 18:30etik 19:30era kontzertua emango du Eibarko Musika Bandak. Eta 22:00etan agurtuko dituzte jaiak, taberna ixtearekin batera.