Asteburuan Santa Ageda batzen

Asteburuan Santa Ageda batzen
2012/02/02 eta kitto!

Zapatuan Sostoa abesbatzak kalejira egingo du, 19.00etatik aurrera, urteroko ohiturari jarraituta santaeskean ibiltzeko. Santa Agedari abesteko irteeran Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako hainbat trikitilarik lagunduko diete, eurekin bat egitera animatzen diren herritarrekin batera. Kalejira amaitzean, gainera, urteroko moduan salda eta txorizoa hartuta indarrak berreskuratzeko aukera izango dute, Auzokoak elkartekoek gonbidatuta. Aurten Txonta kaleko Edozer elkartean egingo diete harrera. Iaz Bekuak elkartean izan zen ospakizuna eta datorren urtean Dorrepen. Bi horiekin batera, Erdibana, Urkusu-Gain, Denon Sahatsa eta Jaiki elkarteek osatzen dute Auzokoak.
Sostoaz gain, asteburuan beste batzuk ere ibiliko dira santaeskean: bihar bertan Kaleetan Kantuzekoak kalejiran abiatuko dira, 19.30etan Untzagan batu ondoren eta Eibarko baserritar gazteak, bestalde, domekan 10.00etatik aurrera Mandiola eta Gorosta auzoetan ibiliko dira, trikitilariek eta bertsolariek lagunduta.