Danborrada espaziala izango da aurtengoa

Danborrada espaziala izango da aurtengoa
2019/06/20 eta kitto!
Ez dakigu Marruko kainoiaren eztanda ilargian entzungo den, baina San Juan egunari ongietorria emateko modurik eibartarrena da. Salbaren ondoren, San Juan egunaren lehen minutuetan, danbor hotsak entzungo dira ‘San Juan ereserkiaren’ melodiarekin, nola ez, eta gero etorriko dira ‘Diana’, ‘Donostiako Martxa’, ‘Pantxika’ eta bestelakoak.

Gaur arratsaldean Izarra elkartean egin duten aurkezpenean azaldu dutenez, Sanjuanetako ikur den danborradak 300 danbor-jole inguru bilduko ditu aurten eta 21 melodia eskainiko ditu. Untzagan hasi eta amaituko da danborrada eta Calbeton, Bidebarrieta, Arragueta, Ibarkurutze, Errebal eta Toribio Etxebarria kaleak zeharkatuko ditu.

Aurten ere Juan Luis Baglietto ‘Manli’ izango da Danbor Nagusia eta Iker Teruelo, Juan Mari Lejardi ‘Pastor’ eta Je- sus Mari Olmedo ‘Kata’ izango dira Gastadoreen, Danborren eta Barrilen kaboak, hurrenez hurren. Bestetik, Eugenio Camara izango da Napoleon.

Karroza gainean ...eta kitto! Euskara Elkarteko lagunak joango dira, elkarteak iaz bete zituen 25 urteak ospatzeko. Urtero bezala Leire Kareagari egokitu zaio karrozaren diseinua egiteko lana eta ‘Eibartar espaziontzia’ izena jarri diote, ilargira joan zen Apolo espaziontziko hainbat pieza Eibarren egin zirela gogoratzeko.

karroza karroza 1

[video width="1920" height="1080" mp4="https://etakitto.eus/wp-content/uploads/2019/06/Eibartik-ilargira.mp4"][/video]

Helduen danborradaren ondoren, umeen txanda iritsiko da 24an 19:00etan. 200 ume inguru bilduko dira Urkizun eta Ustekabe fanfarrearen laguntzarekin 12 melodia joko dituzte ordu bi iraungo dituen kalejiran. Untzagan joko dituzte azken danbor hotsak, emanaldia ‘Tatiago’ piezarekin ixteko. Aurten Urkizu eskolakoei dagokie danborrada zuzentzea, baina ikastetxe bakoitzak bere zuzendaria izango du. Javier Zorrakin danborradaren koordinatzaileak, bestetik, danborrada bietan erabiltzen diren jantziekin Rosa Mondragon buru den taldeak egiten duen “lan handia” azpimarratzen du.