Eguaztenean hasiko diren Arrateko jaiak aurkeztu ditu Udalak

Eguaztenean hasiko diren Arrateko jaiak aurkeztu ditu Udalak
2022/09/02 eta kitto!
Gaur goizean egindako prentsaurrekoan aurkeztu dute Arrateko jaietarako egitaraua Jon Iraola alkateak eta Patxi Lejardi Kultura zinegotziak. Alkateak nabarmendu duenez, “gaur egungo egoerak aukera ematen digu Arrateko jaiak normaltasun osoz antolatzeko, jai honen bereizgarri diren jarduera tradizional guztiak berreskuratuz. Eta, alde horretatik, eskerrak eman nahi dizkiet herriko erakunde eta elkarteei egin duten lanagatik eta inplikazioagatik, askotariko programa zabal bat osatu eta adin guztientzako jarduerak antolatzeko”.

Patxi Lejardi Kultura zinegotziak aurtengo programazioaren jarduera nagusiak aurkeztu ditu jarraian. Jaiak eguaztenean, irailaren 7an hasiko dira, 18:00etan Santutegian ospatuko den mezarekin. Jarraian txupinazoa jaurti eta kanpaiak irauliko dituzte eta 19:00etan herri-kirolak hasiko dira, Ernesto Ezpeleta Bihurriren taldekoen eskutik.

Horrez gain, 21:00etan, ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatutako bertso-afaria egingo da Tiro Pitxon jatetxean. Afarian Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Sustrai Colina bertsolariek hartuko dute parte eta Jon Mikel Mujikak egingo ditu gai-jartzaile lanak. Eta gauean txosnek antolatutako kontzertuak egingo dira zelaian: Ke te kalles, Alarma Morea eta Maruxa taldeek joko dute.

Arrate egunean, berriz, ohiko martxan, Ama Birjinaren pausoetatik Arratera oinez igotzen direnentzat txorizoa eta salda banatuko dituzte Zesteroko iturrian. Horrez gain, goizean zehar, Kittonbolia egongo da, kalejira Usartza Txistulari Bandarekin, meza nagusia Santutegian, prozesioa zelaian zehar, Arrateko Ama Birjinaren dantzak Kezka Dantza Taldearekin eta Txistulari Bandarekin, eta Jainaga eta Narbaiza trikitilarien eta Mikel Mendizabal eta German Meabebasterretxea bertsolarien emanaldia.

Arratsalderako honakoak antolatu dira: bertsolarien emanaldi bat, Asola Berri elkarteak antolatutako hiru txirlo txapelketa, dantza solte lehiaketa, non hamar bikotek parte hartuko duten, bost nagusienak eta beste bost 15 urtetik beherakoenak (gonbidapen bidez), eta berbena bat Mugi Panderoren eskutik. Gainera, eta, berritasun gisa, gauez beste kontzertu bat egingo da txosnen eskutik, hurrengo eguna jai dela aprobetxatuta: Alargun Beltzak eta  La Fulana DJ-ak joko dute.

Gainera, egun horretan, alkoholaren kontsumoari buruzko ‘Bete zaitez…, baina emozioz’ informazio-kanpaina burutuko da, alkoholemia-probak eginez.

Domekan, berriz, Kofradiaren eta baserritar erretiratuen eguna ospatuko da. Simon Aldazabal lasterketaren XXVII. edizioa egingo da, meza nagusia bertsolariekin eta prozesioarekin, paella-lehiaketa eta idi-probak, Olidenen, Vicente Aretaren eta Iker Zubillagaren idi-pareekin.

Autobusen zerbitzu berezia

Jaiak direla eta, Arratera igo eta bertatik jeisteko autobus zerbitzu berezia egongo da, Udalaren eskutik: dohainik izango da eta ordutegi zabala izango du hilaren 7an eta 8an, “Arratera doazenek ibilgailu partikularrik erabili beharrik ez izateko”.

Hilaren 7an, Arrate bezperan, autobusak irtengo dira Eibartik Arratera 17:00etatik 21:30era arte, ordu-erdiro. Arratetik Eibarrera jaisteko zerbitzua 17:30ean hasi eta 22:00era arte izango da; autobusak ordu-erdiro irtengo dira Arratetik.

7tik 8ra arteko goizaldean ere autobus-zerbitzua egongo da. Igotzeko ordutegiak 1:00etatik 8:00etara izango dira ordu-erdiro, eta jaisteko 1:30etik goizeko 8:00etara arte.

Eta hilaren 8an, Ama Birjinaren egunean, hamabi autobus jarriko dira, igotzeko zein jaisteko ibilbidea egingo dutenak etenik gabe egun osoan zehar, goizeko 08:30etik (Eibar-Arrate lehen zerbitzua) 22:30ak arte (Arrate-Eibar azken zerbitzua).

Bestalde, irailaren 8ko gauean ere kontzertuak egongo direnez, 8tik 9ra bitarteko gauean ere autobus zerbitzua eskaintzeko asmoa dagoela aurreratu dute.