"Eguen Zuri" egunarekin abiatuko dira bihar aurtengo aratosteak

"Eguen Zuri" egunarekin abiatuko dira bihar aurtengo aratosteak
2018/02/07 16:46
eta kitto!
Joan den asteburuan koko-dantzekin  girotzen hasi eta gero, bihar, "Eguen Zuri" egunean, jaian bete-betean sartuko gara. Betiko moduan, bazkalostean, 15:30ak aldera hasiko diren ikastetxeen kalejirekin ekingo zaie Aratosteei. Eta 17:00etatik aurrera Untzagan dantzaldia emango du Lisker taldeak. Ordu berean hasiko da Urkizutik Untzagaraino joango den kalejira, Adolfo Jainagaren trikitixa eskolakoekin. Eta Astixaren eskutik, berriz, "Munduko Tribuak" kareta eta maskara tailerrak egingo dira, 17:00etatik 19:00-etara Untzagan.

Egitarau oso gure webguneko agendan: http://etakitto.eus/agenda

Aratoste lehiaketa bi
Aratosteetarako lehiaketa bi antolatu ditu Eibarko Udalak, kuadrillen kalejirako lehiaketa eta ondoen apaindutako tabernarena. Aratosteetako kuadrillen kalejirako lehiaketan parte hartzeko izen ematea bihar 14:00etan itxiko dute. Eta Aratosteetan ondoen apaindutako tabernan lehiaketarako izen ematea ere zabalik dago eta otsailaren 9an, barixakuan,  14:00etan itxiko da. Lehiaketa biei buruzko informazioa Udalaren web orrian eskuratu daiteke.

Aratosteetako kuadrillen kalejirako lehiaketa Aratoste Zapatuan (otsailaren 10ean) izango da, 12:30ean. Izena ematen duten taldeek gutxienez 10 partaide izan beharko dituzte. Ume zein helduek har dezakete parte, adinak berdin dio. Koko-jantzien gaia librea izango da, taldekideek aukeratuko dute, baina taldekide guztien koko-jantziek gaiarekin lotura zuzena izan beharko dute. Izen-ematea internet bidez, www.eibar.eus helbidean egin daiteke edo, bestela, Pegoran, Herritarren Zerbitzurako Bulegoan.
Kalejira edo desfilea 12:30ean hasiko da, Untzagan, eta honako ibilbideari jarraituko diote: Untzaga, Calbeton, Bidebarrieta, Urkizu, Arragueta, Errebal, Toribio Etxebarria eta Untzaga (harmailen aldea). Bestalde, desfilea hasi baino ordu laurden lehenago, 12:15ean, talde bakoitzetik arduradun bat karpako eszenatokira joan beharko da, desfilerako zenbakia jasotzera. Desfilea amaitzean taldearen argazkia egin beharko dute Untzagako harmailetan (euria egingo balu, argazkia karpan, eszenatokian egingo litzateke).
Lehiaketaren inguruan edozein zalantza izanez gero, Portalean, Kultura sailean galdetu daiteke edo, bestela, 943 708 435 telefonora deitu edo kultura@eibar.eus helbidera idatzi. Lehen saria irabazten dutenek Eibarko XLI. Antzerki Jardunaldietako antzezlan baterako sarrerak jasoko dituzte. Epaimahaikideen erabakia egunean bertan, otsailaren 10ean, 19:00etan jakinaraziko da, Untzagako karpan egingo den haurrentzako berbenan. Sari bakarra banatuko dute eta irabazleek eszenatokian jasoko dute saria.

500 euro eta garaikurra taberna dotoreenarentzat
Aratosteetan ondoen apaindutako tabernan lehiaketan, bestalde, Aratosteetarako lokala apaintzen duen Eibarko edozein tabernak har dezake parte. Izen-ematea internet bidez, www.eibar.eus helbidean, Pegoran, Herritarren Zerbitzurako Bulegoan edo telefonoz, 010 edo 943708400 zenbakietara deituta egin daiteke.
Lokalak otsailaren 9an, barixakuan, arratsaldeko 18:00etarako prest egon beharko dira, epaimahaikideak arratsaldean zehar pasatuko direlako tabernatik. Epaia barixaku gauean bertan emango dute, jendeak irabazi duen taberna asteburuan ikusteko aukera izan dezan. Irabazleari 500 euro eta Eibarko Udalaren garaikurra emango dizkiote.