Ekaina osoan zehar burutuko dira sanjuanetako programazioa osatzen duten era guztietako jarduerak

Ekaina osoan zehar burutuko dira sanjuanetako programazioa osatzen duten era guztietako jarduerak
2023/06/01 eta kitto!
Atzo aurkeztu zuten 2023ko sanjuanetako programazioa Jon Iraola jarduneko alkateak, Patxi Lejardi Kultura eta Jaietako jarduneko zinegotziak eta Asier Lopez de Viñaspre teknikariak. Beste urte batzuetan bezala, San Juan jaietako ekitaldi nagusiak ekainaren 23tik 25era bitartean izango dira aurten ere, baina hilabete osoan zehar izango dugu jaietarako girotzen joateko aukera, asmo horrekin antolatu diren jarduerei esker.

Azaldutakoaren arabera, programatutako jardueretan eskaintza zabala egongo da: kontzertuak, kale antzerkia, dantza emanaldiak, kirol-jarduerak eta haur zein gazteentzako ikuskizunak, besteak beste: “Tradizioak eta apustu berritzaileek osatzen dute programa eta, beste behin ere, Eibarko elkarte eta kolektiboen parte-hartzeari eta inplikazioari zor diogu. Izan ere, talde horiek egiten duten lanari esker, askotariko jarduerak egin ahal izan dira”. Jai-egitaraua prestatzen lagundu duten elkarte, talde eta kluben artean, besteak beste, hauek daude: Eibarko Txirrindularitza Elkartea, Eibarko Klub Deportiboa, ...eta kitto! Euskara Elkartea, Kezka Dantza Taldea, Ipuruako Gimnasia Erritmika Kluba, Jaixak Herrixak Herrixandako eta Odisea.

Omenduko dituztenak

Nabarmendu dutenez, jaietarako aurrekontua igo egin dute, 300.000 eurotik 380.000 eurora, “herritarrei programazio bete-betea eta askotarikoa eskaintzeko”. Aurtengo omenduak, bestalde,  Eibar Kirol Elkarteko emakumezkoen taldea, Hodei Ezpeleta aizkolaria, Lorea Urkia Miss Grand Euskadi, Jose Perez “El Tigre” boxeolaria eta Aitor Montero motozalea izango dira.

Eibar Kantuan musika jaialdia

Aurkezpenean aurreratutakoaren arabera, Eibar Kantuan jaialdia ere egingo da, ekainaren 10ean, 22:00etan, Astelena frontoian. Beti oso harrera ona izaten duen jaialdiari buruzko xehetasunak datozen egunotan emango dituzte, baina joateko interesa dutenei sarreren salmenta bihar arratsaldean, 17:30ean hasiko dela jakinarazi nahi diete, Coliseoko leihatilan zein Kutxabank-en (5 euro).  Horrekin batera, urtero egiten den San Juanetako Marmitako Txapelketarako izen-ematea ere asteburu honetan hasiko dela adierazi dute. Eta gazteen koadrilei Udalak ematen dizkien diru-laguntzak eskatzeko epea, berriz, hilaren 9an amaituko da.
Bestalde, egitarauaren aurkezpenean bertan eman zuten ezagutzera jaiak iragartzeko aukeratu duten kartela, baita pegatina lehiaketako irabazlea ere: