Euriak ez zuen San Andres eguna zapuztu

Euriak ez zuen San Andres eguna zapuztu
2014/12/01 eta kitto!

Aurtengo San Andres eguna, iazkoa bezala, euripean igaro genuen atzokoan. Hala ere, azokako 70 postuak babesten zituzten karpei esker, San Andres Azokak bisitari eta erosle ugari erakarri zituen goizean goizetik. Errebalen, Eibarko baserrietatik erakusketarako jaitsitako animaliak ere aterpean babestuta egon ziren, baina aizkolariek aldamenean eta euritik babesteko aukera barik jokatu behar izan zuten Gipuzkoa Poliklinika Bikoteka Aizkolari Txapelketa: helduen artean Ernesto Ezpeleta Bihurri eta Mujika nagusitu ziren eta gazteetan, berriz, Etxeberria eta Gisasola.
Eguerdian Narbaiza eta Gorrotxategi bertsolariek, Jainaga eta Narbaiza trikitilariek eta soinu ikasleen kalejirak girotu zuten Untzaga, Kezka dantza taldearen eskutik Plazara Dantzara erromeria hasi bitartean. Eta horren ostean, San Andres azokako, pintxo txapelketaren eta kartel lehiaketaren irabazleei sariak banatuta agurtu zuten jaia: Eibarko baserrietan Gisasolak eraman zuen saria; barazkietan, saria Peio Rubiok, Alejandro Arrietak eta Ezozi Etxebarriak jaso zuten, hurrenez hurren; frutetan, Tomas Maiorak irabazi zuen; ezti saltzaileen artean, irabazleak Aitor Otegi eta Eugenio Elorza izan ziren; gazta irabazleak Elgoibarko Mausitxa baserria eta Baztarrika izan ziren; eta ogietan, Maite Leanizbarrutia eta Arantza Astigarraga saritu zituzten.