Gabonetako izpirituak herria hartu du

Gabonetako izpirituak herria hartu du
2018/12/21 eta kitto!
Orain dela hilabete inguru piztu zituzten Gabonetako argiak, baina bihartik aurrera sartuko gara Gabonetan buru-belarri. Haur Parkea, barrakak, Olentzerori eta Erregeei harrera, ikuskizunak... egun bereziak izango dira, eta herriak itxura eta eguneroko jarduna aldatuko du urte berriari harrera egiteko. Urtarrilaren 6an itzaliko dituzte argiak. Bitartean, magia egin dadila.

 

Eibar Merkataritza Gune Irekiak Gabonetako kanpaina jarri du martxan aurten ere herriko merkataritza eta ostalaritza sustatzeko asmoz. Azaroaren 27an Gabonetako argiak piztu zituzten Eibarko Bizikleta plazan egin zen ekitaldian eta bihartik aurrera hainbat ekintza antolatu dituzte. Dendari eta ostalariek, egun hauek garrantziaren jakitun, herriko kaleei bizia eta kolorea eman nahi diete.

Gaurtik aurrera herriko toki ezberdinetan jarritako barrakak martxan ipiniko dituzte. Txantxa Zelain bost atrakzio egongo dira, Urkizun hiru eta Anbulategiko parkean bakarra, karrusela. Barrakak egunero egongo dira martxan urtarrilaren 6ra arte, domeketan ezik, 11:30etik 15:00etara eta 16:30etik 21:00etara.

Prezioari dagokionez, Urkizu eta Anbulategiko barraketan doako sarrera egongo da Gabonetako kanpainan parte hartzen duten dendetan erosterakoan jasotako bonoak aurkeztuz gero, nahiz eta egun batzuetan ordaindu egin beharko den. Txantxa Zelain dauden barraketako sarrerek, ordea, 0,50 euroko prezioa izango dute, bonoa erakusteaz gain. Bonoa erabili ezingo den egunetan atrakzioen prezioa 1,50 eurokoa izango da.

Barrakak zabalduta, bihar Gabonetako Haur Parkearen txanda izango da. Astelena frontoiak jasoko du, beste behin, umeentzako puzgarriak, tailerrak, eskulanak eta bestelako ekintzak jasotzen dituen parkea. 2 eta 12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago eta gurasoek, nahi izanez gero, bertan egoteko aukera izango dute, frontoiaren harmailetan erreserbatuko zaien tokian.

Parkea urtarrilaren 4ra arte egongo da zabalik (abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da) 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era (abenduaren 31an goizean bakarrik egongo da zabalik) eta sarrerak 3 euroko kostua edukiko du (dohainik Eibar Merkatal Gune Irekiaren bonoarekin). Sarrerarekin 90 minutuko egonaldia egin ahal izango dute parkean umeek. Ezin izango da ordua erreserbatu eta aforoa betetzen den heinean txandak antolatuko dira (150 umeko aforoa dauka Astelenak).

 

Olentzero eskoletan, Urkin eta kalejiran

Barraketan zein Haur Parkean jolastu eta gero, Olentzero herrira etorriko da hilaren 24an, astelehenean. Ordurako opari gehienak prest edukiko ditu, izan ere, abenduaren 11az geroztik zabalik egon da Olentzerori eskutitzak bidaltzeko postontzia, baina oraindik gaur zabalik egongo da Pegoran dagoen postontzia eta Portalekoa domekara arte egongo da irekita. Gainera, 24an bertan, Olentzerori egiten zaion harreran, udaletxean entregatu ahal izango dira gutun gehiago.

Olentzerok herriko ikastetxeak bisitatu ditu azken astean zehar, baina bihar Urkin ikusteko aukera izango dugu. Urkiko jai batzordearen eskutik harrera egingo zaio eta 18:00etan kalejira egingo dute auzoan zehar Urki Kurutzekuatik abiatuta Cepa tabernako arkupeetaraino. Gero, txokolatada egongo da.

Astelehenean iritsiko da Olentzeroren egun handia. Urkizutik Untzagara kalejira egingo du 11:30ean hasita eta, gero, udaletxean harrera egingo zaio. Jazinto Olabe Ludotekakoek, Afariketakoek, Astixakoek eta Aspacekoek zabalduko dute kalejira, eta Galtzagorriak eta Pantxika astoa ez dira faltako. Gainera, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako ikasleek, Adolfo Jainaga soinujolearen ikasleek, Kaleetan Kantuzekoek eta Eibarko Kantuzaleek kalejiran lagunduko dute Olentzero, eta anplifikadoreak jarriko dituzte atzean datozenek musika ondo entzuteko.

 

Erregeen Kabalgata errugbilariekin

Errege Egunak ematen die amaiera Gabonei, baina bezperan hainbat ekintza antolatu dituzte Erregeei harrera beroa egiteko. Erregeen Kabalgata, ohiturak dioen bezala, urtarrilaren 5ean egingo da, baina hasteko Ballet Eibarreseko, Ipurua Gimnasia Erritmikoko eta Ipurua Dantza Garaikideko 250 dantzarik ikuskizuna eskainiko dute Ipuruako kiroldegian 17:00etan. 1.850 gonbidapen banatuko dira (iaz baino 250 gehiago), eta hilaren 20an goizeko 09:00etan hartu ahal izango dira sarrerak (pertsona bakoitzeko sarrera bi, dohainik).

Ikuskizunaren ondoren, 18:45ean, Erregeak Lambretta motorretan jaitsiko dira Untzagara eta 19:00etan Kabalgata hasiko da betiko ibilbidea eginez. Hasi aurretik euria eginez gero, Erregeek ibilbide txiki bat egingo dute oinez udaletxeraino, eta Kabalgata hasita dagoela euria botaz gero, bertan behera geratuko da eta Erregeak oinez udaletxera joango dira. Han harrera egingo die umeei. Aurten, gainera, Eibar Rugby Taldekoen laguntza jasoko dute Erregeek.

 

Errebal biziberritzeko kanpaina

Eibar Merkataritza Gune Irekiak ‘Errebal Bizirik’ kanpaina jarri du martxan Errebal inguruko merkataritza suspertzeko eta, horren barruan, ‘Los duendes de Navidad y sus carteros’ izeneko kale-ikuskizuna egingo da bihar Errebal kalean 17:30ean eta 19:30ean.

Errebaleko berrogei denda baino gehiagotan, gainera, erosketa-bonoak trukatzeko aukera egongo da abenduaren 31ra arte. Erosleek eskuratutako bonoek balio ezberdinak dituzte (2, 5, 10, 20 eta 50 euro) eta bonoak erosi diren dendetan egin beharko dira erosketak. Bono hauekin bonoetan ezarritako diru-kopuruaren bikoitza gastatu behar da gutxienez erosketan.

Errebalez gain herri osoko 180 denda, zerbitzu eta ostalaritza-zentroetan erosketak egin edo kontsumitzeko bonoak prestatu ditu Eibar Merkataritza Gune Irekiak baita ere. Kasu honetan urtarrilaren 5era arte trukatu ahal izango dira. Bonoek 40 euroko kostua edukiko dute eta 50 euroko erosketak egin ahal izango dira eurekin.

 

 

Paperez egindako jaiotzak

Urte sasoi honetan asko dira etxe, denda zein tabernak apaintzera animatzen direnak, baina batzuek pauso bat aurrera eman eta benetako artelanak sortzen dituzte. Horren adibide da Cesar Menendez eibartarra da. Papera tolestuta sortzen dituen pieza txikiak bata bestearen gainean ipintzen joaten da etxetxo, zubi eta bestelako guztiak eraiki eta jaiotzak osatzeko. Bidebarrieta kaleko Arla dendan eta Unfemako erakusleihoetan ipini du ikusgai jaiotza bana eta, ondo fijatuz gero, jaiotza bakoitzean denda bera integratu du.

Artista honek orain dela 20 bat urte lan istripu larria izan zuen eta, horren ostean, denborapasa modura eta egoerari buelta emateko hasi zen paperarekin eskulanak egiten. Aurretik ere jaiotzak egiteko zaletasuna zuenez, horrela ekin zion lanari. Edozein motatako papera erabiltzen du: medikamentuen prospektuak, buzoietara botatzen duten publizitatea... horiek moztu eta paper-zerrendak egiten ditu eta, ondoren, horiek tolestu eta gurutzatzen joaten da, makramea egiteko teknika bera erabiliz.