Gaur 19:00etan zabalduko dute Eibar Rugby Taldearen Garagardo Ferixa

Gaur 19:00etan zabalduko dute Eibar Rugby Taldearen Garagardo Ferixa
2019/06/11 eta kitto!
Eibar Rugby Taldearen eskutik egiten den Garagardo Ferixak gaur zabalduko ditu ateak Untzagako karpan, 19:00etan. Aurtengoa 17. edizioa izango da eta inaugurazio ekitaldian Ixa Rodriguez boxeolariari omenaldia egingo diote. Domekara arte (ekainaren 16ra arte) egunero zabalduko dute, 19:00etan, eta afaltzeko orduan zuzeneko musika eskainiko dute hainbat taldek: gaur Big Ionek kontzertu akustikoa emango du, 22:00etan; bihar Parrapas taldearen txanda izango da, eguenean Mugi Panderoak joko du eta barixakuan berriz ere Parrapas taldekoek jardungo dute. Astebururako, bestalde, jarduera bereziak prestatu dituzte: zapatuan emakumezkoen rugby partidua jokatuko dute Unben eta parte hartzera animatzen diren andra guztiek izango dute horretarako aukera. Eta, jardunaldia biribiltzeko, karpan bazkaria egingo da. Eta domekarako, Katubeltz eta Marcan Huella elkarteekin elkarlanean hainbat jarduera antolatu dituzte: 12:30ean katu eta txakurren desfilea egingo da, umeendako jolasak egongo dira eta paella-jana solidarioa (5 euro) hartuko du karpak.